Bigarrenez bidea moztuko dute Intxixu Ikastolako gurasoek patio estalia eta gimnasioa eskatzeko

uriola.eus 2015ko mai. 15a, 10:15

Pazientzia agortu zaie Intxixu Ikastolako gurasoei. Are gehiago ikastetxeko berdegunea galduko dutela jakin dutenetik. Joan den asteartean Bilboko Udaleko ordezkariek jakinarazi zieten gurasoei Lantegi Batuak elkartearentzat eraikina egitekoak direla bertan. 

Udaleko ordezkariekin bildu ziren egunean abiarazi zituzten mobilizazioak gurasoek. Harrezkero elkarretartze eta bide mozketa bana burutu dituzte. Gaur, 16:45 eta 17:00 bitartean, bigarren bide mozketa egitekoak dira ikastola aurrean. "Nahikoa da", diote, "patio estalia eta gimnasioa behar ditugu orain".

"Harrituta" entzun zituzten Udaleko ordezkarien hitzak. Horrela azaldu dio URIOLAri Intxixu Ikastolako guraso batek. "Lantegi Batuak lan zoragarria egiten duela eta Bilbon lur eremua behar duela esan ziguten". Ikastolak duen berdegunea aukeratu dute horretarako. Gurasoentzat "San Inazion dagoen berdegune bakarra da, ukiezina". Trukean, ikastolako jolastoki txiki bat estaltzeko prest agertu da Udala.

Ikastolako klaustroak eta gurasoen asanbladak "ezezko borobila" eman diote Udalaren proposamenari. Gaia Eskola Kontseiluak aztertuko du epe laburrean. Bestalde, San Inazioko institutuak antzeko pausoak emango ditu.

Arazoak

Bi ikastetxe dira eraikin bera partekatzen. Intxixu Ikastola bata, San Inazioko Institutua bestea. Urtero gero eta ikasle gehiago dituzten zentroak izaki, "ez dago patio estalia ezta gimnasioa ere, arauen araberako". Euria denean, ikasleek ikastetxe barruan geratu behar dute, eta horrek "zarata, egoneza eta estres izugarria" sortzen die, gurasoen esanetan.

Egitura egoki faltagatik, eskola orduz kanpoko ekintza "asko" bertan behera gelditzen dira edo beste ikastetxetan egin behar izaten dituzte.

Gurasoek salatu dutenez, Hezkuntza Sailak "agindutako ez du bete", eta Bilboko Udalak "bere ardura ez dela dio". Bilbon bertan beste ikastetxe batean zegoen arazo berbera konpontzeko hiru milioi euroko aurrekontua adostu dutela eta, "gure ikastetxean zergatik ez" galdera plazaratu dute Intxixuko gurasoek.

'Nahikoa da! Patio estalia eta gimnasioa behar ditugu orain!' lelopean bide mozketak egingo dituzte -ikastola aurrean- maiatzaren 15, 18, 20 eta 22an 16:45 eta 17:00 bitartean.

 

[2015/05/12] Patio estalia eta gimnasioa eskatzeko mobilizazioak hasi dituzte Intxixu Ikastolako gurasoek

[2014/05/21] Gimnasioa eta aterpea eskatu dituzte Intxixuk eta San Inazio institutuak