Izena
'Frank Gehry'-ren izena oso desegokia izan daiteke zentzu askotan (batik bat, egileaz nahasmena sortzen duelako), baina horrez gain gure auzoaren izena desagertarazteko Udalaren obsesioarekin ere badu zerikusia.
Desagerpen hori aspalditik dago programatuta, eta bai Deustuko Erriberak bai Zorrotzaurreko Erriberak, biek batera, ERRIBERA auzoa osatzen duten arren, Plana zabaldu zenetik Udalak saihestu egin du errealitate horri buruzko edozein aipamen. Lehen, Bilboko jaietako kontzertuak edo ibilgailuen parkina Zorrotzaurre zabaldegian zeuden, benetako Zorrotzaurre ia 2 km-ra egon arren. Gero, IMQ Zorrotzaurrerekin, gauza berbera. Orain, Udalak ateratako InfoBilbao orrian, horrelako perlak aurki ditzakegu: “Deustuko Erribera eta Zorrotzaurreko geroko irla zubi berriaren bidez lotuta” (izenburuan), edota “Hala, geroko irla Julio Urkixo kalearen aldean lotuko da Deustuko Erriberarekin, 75 metroko zabalera daukan Deustuko Ubidea gaindituta” (azalpenetan).
Eta, jakina, Udalak bidalitako informazioa izanda horrela zabaldu dute hedabide gehienetan.
Hauxe da, gaur arte behintzat, izen-nahasmenaren zeremonian izan dugun azken atala: orain, dagoeneko, Deustuko Erribera kanalaren beste aldearen izena da. Mundiala!
Izana
Erribera auzoa Deustuko auzo bat izan da betidanik, eta Elizaurre garaian (oraindik mende bat ez da pasa) auzorik populatuena, gainera. Hemengo jendea erriberatarra da, eta historikoki deustuarra (gaur egun ere bai, kanalak egindako kaltea pairatu arren).
Hemendik aurrera, ematen du, ez bata eta ez bestea. Horretan tematuta daude behintzat. Gutxi barru 'uhartearrak' izango gara, edo irlatarrak. Kuriosoa da… hamarkadetan ahaztuak egon eta gero, denbora horretan guztian isolatuak izatetik irlatarrak izatera pasako gara orain.
Esana
Zubiaren irekiera partziala izan arren, inaugurazio ekitaldia egin zuten eta, jakina, diskurtsoak. Egindako aipamen batzuk azpimarratzekoak dira.
“Zubi honek Bilboren iragana eta etorkizuna lotzen ditu”. Hau izan zen erreferentzia sinboliko nagusia. Etorkizuna geroko irla bada eta iragana beste aldea, non geratzen gara gaur egungo erriberatarrak (oraina)? Beste behin, linboan. Ematen du gu, zehazki, jadanik aurrehistoria garela, iraganaren iragana.
“Narriatua dagoen Bilboko espazio zabal hau berreskuratzen ari gara auzo berri bat sortzeko”. Argi geratzen da eurentzat hau ez dela auzo bat itxuratzeko edo hobetzeko ekintza bat, ezer ez dagoen tokian “auzo berri bat” eraikitzeko baizik.
Irekiera partzial horren premia hemengo “langileak eta auzokideak hiritik hurbilago” geratzearen beharretik omen dator. Datozen hilabeteetan agian, baina Kanala ireki bezain pronto ia hiri osoa (Bilboko erdigune guztia barne) urrunago geratuko zaigu, eta auskalo noiz arte.
"Bilboren etorkizuna gaur abiarazten da”. Ta txis-pum! (Dena) Oso ondo, Gabilondo!
Ezina
Honek guztiak ondo islatzen du erriberatarrok pairatzen ari garen ikusezintasuna. Etxebizitzen birgaikuntza lortu zenetik, Instituzioak gutaz ahaztu dira, guztiz. Ematen du merezi genuen guztia (edo gehiago) jaso dugula eta orain etorriko den jendearentzat baino ez dutela begirik. Etorkizuneko auzoa… Bejondaiela!
'Zorrotzaurre' ikurraren aurka borrokatzea ezinezkoa omen da, baina guk ERRIBERA aipatzen jarraituko dugu. Erriberako Zubia hartuta dagoenez, Deustuibarrako Zubia deituko diogu laster gure sartu-irteera bakarra izango denari eta ezinaren aurka ekingo diogu beste behin.
Erriberatarrak gutxi gara Bilbo Handian (handikeriarenean), baina saiatu, saiatu behar dugu. Ea gure mugaz bestaldeko biztanleek ere laguntzen diguten!
Eneko Herran Lekunberri
ERRIBERAko Euskaldunako Zubia Auzo Elkartearen eta Bekoerri Kultur Elkartearen izenean
[2015-09-14] 'Frank Gerhy zubia', "aukera handietarako" zubia
[2015-09-14] Oinezkoentzat zabalduko dute 'Frank Gerhy zubia'