Iker Egiraun deustuarra absolbitu dute

uriola.eus 2016ko api. 18a, 10:39

Froga nahikoa ez dagoela eta, bertan behera geratu da Iker Egiraun Egi deustuarraren aurkako akusazioa. 'Egi Libre' plataformako kideek azaldu dutenez, 10 egun ditu Fiskaltzak errekurtsoa aurkezteko.

Joan den larunbatean Bilboko Ernaik jakitera eman zuen Iker Egiraun deustuarra absolbitua izan dela Troikaren aurkako istuluetan leporatzen zizkioten kargu guztietatik -120.00 euroko isuna eta bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen zioten istiluetan parte hartzeagatik-. Ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkez dezake Fiskaltzak 10 eguneko epean. 

Froga faltagatik erabaki du auzitegiak ezin zaiola Egirauni Alde Zaharreko, Abandoko eta Indautxuko istiluen egiletza egotzi, eta hortaz, ezin dela epaitua izan. 

2014ko martxoaren 3an, Guggenheim museoan egin zen Global Forum Spain izeneko goi bilera hasi aurretik, bilerak iraun bitartean eta bileraren ondoren, hainbat protesta izan ziren Bilbon "egoera ekonomikoa salatu eta Troikari ez zela ongi etorria gogorarazteko".

Kale Nagusian izan ziren istilu gogorrenak eta banketxe zein multinazionalen kontra egin zuten manifestariek, "sistema kapitalista-heteropatriarkalaren eskaparateen aurka". Hainbat izan ziren atxilotuak, 13 guztira, tartean Egi. Martxoaren 31n izan zen epaitua Bilboko epaitegian, bi urte geroago, eta fiskalak bi urte eta erdiko espetxe zigorra zein 120.000€-ko isuna eskatzen zituen beretzat. 

 

[2016/03/31] Iker Egiraunen auzia "borroka soziala kriminalizatzeko" eta "gaztedia desaktibatzeko" estrategiatzat jo dute

[2016/03/31] Iker Egiraun gaur epaituko dute Troika Bilbon izan zeneko istiluen harira

[2014/03/03] Troikaren Goi Bilera salatzeko manifestazioko argazkiak