Irati Perez de Nanclares: “Lortu dugu arraunlari neskak hemen geratzea”

Nerea Olaziregi 2016ko eka. 29a, 10:28

Argazkiak: Iñigo Azkona

Deustuko nesken traineruko arraunlaria da Irati Perez de Nanclares. Gurea da Bizkaiak duen nesken ontzi bakarra, eta Irati harro dago bere taldeak eta klubak egindako lanarekin. Konpromiso handia eskatzen dio arraunak, baina merezi duela azpimarratu du. 

Denboraldi berrian aurkeztu diren Bizkaiko 16 ontziren artean Deustukoa da emakumez osatutako bakarra. Zergatik?

Bizkaian arraunak ez duelako indar askorik. Neska gutxi dago orokorrean, eta hemengo klubek ez dute gure aldeko apustua egiten. Gipuzkoan nesken zortzi traineru dago eta ez dut uste gu baino kirolariagoak direnik. 

Hainbat saiakera egon dira aurretik.

Bai, duela bi urte traineru bat ateratzea lortu zen, baina hainbat klubetako kideak nahastuz. Klub gisa, gurea da lehenengoa. 

Asko kostatu zaizue trainerua ateratzea?

Lan handia egin dugu, bai. Iaz aukerak zeudela ikusi genuen eta jende berria eta ilusio handiarekin, azkenean lortu egin dugu. Meritua gurea eta Deustuko arraun taldeko zuzendaritzarena izan da. 

Zaudeten guztiak ez zarete Deustukoak ezta?

Ez, gure ontzian Deustuko 11 lagunez gain, Portugaleteko, Iberia, Kaiku eta Arkotetik etorritako lagun bana daude. 

Bizkaiko Arraun Federazioak emandako datuen arabera neska arraunlarien kopurua gora doa urtez urte. 

Bai, gaur egun 200 fitxa baino gehiago dago. Oraingoa, nire hirugarren denboraldia da Deustun eta hamaika neska gara; hasi nintzenean bost besterik ez ginen. 

Zer aldatu da orain neska gehiago izateko?

Ez dakit, orain dugun giroa oso ona da, eta horrek jendea erakartzen du. Lortu dugu jendea hemen geratzea. Taldean dagoen giroa oso garrantzitsua dela uste dut. 

Zeintzuk dira zuen hurrengo erronkak?

Etorkizunera begirako proiektua izatea nahi dugu eta ez denboraldi honetako kontua. Pixkanaka-pixkanaka taldearen maila hobetzea eta gipuzkoar taldeak dauden mailara heltzea da gure helburua, Euskotren Ligan lehiatzea, alegia. Lan asko eginda posiblea da. 

Zenbat egunetan entrenatzen duzue?

Astean sei egunez. Normalean bost egunez entrenamendu gogorra egiten dugu eta seigarrenean atseden aktiboa. Egun bakarra dugu benetako atsedena hartzeko, eta astean zehar izaten da asteburuak goiz entrenatzeko aprobetxatzen ditugulako. 

Zertan datza entrenamendua?

Urtean zehar aldakorra da. Unearen arabera eta txapelketak dauden edo ez kontuan hartuta. Hiru egunez gimnasioan egoten gara pesak eta ergometroa egiten eta gainontzeko hirutan uretan. 

Euria eta txingorra ari duenean ere uretan ikusi zaituztegu. 

Bai, ohituta gaude, estropadek ez diote eguraldiari erreparatzen. 

Zer da zuretzat gogorrena?

Gauza asko utzi behar izatea: parrandak, udan ateratzen diren plan guzti horiek… Hilabete opor baino ez dugu eta konpromiso gogorra da gurea, baina niretzat konpentsatzen du. 

Zerekin gozatzen duzu gehien?

Arraunak gauza asko ematen dizkit. Regata batera zoazenean ez zoaz soilik arraun egitera; herri ezberdinak ezagutzen ditugu, jendearekin eguna pasatzen dugu, eta taldean sortzen den harremana oso berezia da. Gainera oso esker onekoa da arrauna, hobekuntzak eta aurrerapausoak ikusten dituzu. Bateletan, adibidez, bigarren geratu gara.  

Nola sartu zinen arraunaren munduan?

Deustuarra naiz eta askotan ikusten nituen arraunlariak entrenatzen. Betidanik gustuko izan dut kirola, saskibaloia egiten nuen. Donostian ikastetik itzuli nintzenean beste zerbait egin behar nuela sentitu nuen eta hona etortzea erabaki nuen. 

Etorkizunerako asmorik?

Arraunean jarraitzea hemen Deustun. Ez dut inora alde egiteko asmorik.

Arraunean ere, beste hainbat kiroletan bezala, alde handia dago neska eta mutilen baldintzen artean?

Bai, orokorrean baldintzak ez dira berdinak. Gauzak ez dira egiten eta erabakitzen gugan pentsatzen, eta askotan soberan dagoena ematen digute. Telebista ikustea besterik ez dago. Gimnasioan adibidez, batera gaudenean, mutilek dute lehentasuna eta makinarik onenak beraientzako dira. Deustun hala ere, uste dut ondo gaudela.  

Asko dago egiteko oraindik benetako berdintasuna lortzeko orduan?

Bai, kirolean eta jendartean orokorrean. Uste dut nesken kirola indartu beharko zela eta horren aldeko apustua egin. Deustun egin duguna, beste talde batzuetan egin zitekeen. Kaikun adibidez, Deustun beste neska dago eta ez dute inoiz traineruaren aldeko apusturik egin.

 

@DeustuAT 

www.deustuarrauntaldea.com

[2016-06-28] Deustuko emakumeen trainerua

[2016-06-09] Deustu Arraun Taldea gizonezko eta emakumezko traineruarekin lehiatuko da denboraldi berrian