Deustuko neskak Kontxako Banderako finalean

uriola.eus 2016ko ira. 2a, 13:00

Argazkia: Deustuko Arraun Taldea @DeustuAT

Tomaterako arraunlariak irailaren 4an eta 11n jokatuko den Donostiako Estropadak–Kontxako IX. Banderako finalerako sailkatu dira. Lorpen handia da taldearen lehen urtea baita lehian. 

Hamaika traineruren artean zazpigarren sailakatzeak hurrengo bi igandetan Kontxako Banderako finalean parte hartzeko aukera emango die Deustuko Arraun Taldeko neskei lehen aldiz taldearen historian. Marka handia da. Are gehiago taldeak lehian lehen urtea duela kontutan hartuta. "Sorpresa" emateko prest zeuden eta historia egin dute. 

Atzoko sailkapenean, ohi bezala, bi luzeren ostean, helmugan denborarik onena Hibaikak egin zuen (11:22:02). Hiru segundu baino lehen gurutzatu zuen helmuga San Juanek, eta bi horiek dira faborito nagusi Kontxako Bandera eskuratzeko. Orio (+13,66), Cabo (+16,26), Zarautz-Getaria (+24,86), Hernani (+37,56) eta Deustu (+43,76) iritsi ziren hurrenez hurren. Zazpi tripulazio horiek arituko dira nor baino nor finalean postua bermatuta duen Arraun Lagunak-Donostiako Berdintasuna traineruarekin batera. Hortaz, Kontxako IX. Banderako finalean guztira sei talde gipuzkoar, bizkaitar bat (Deustu) eta galiziar bat izango dira.

Kontxatik kanpo geratu dira Hondarribia, A Cabana eta Colindres.

 

Finala, irailaren 4an eta 11n

Zerotik abiatuko dira partaide guztiak bi egunetan jokatu den Kontxako finalean. Zozketa bidez erabaki da irailaren 4an Tomaterak bigarren txandan arraun egingo duela. Bi faboritoak aparte ariko dira. Hibaika lehenengoan, eta San Juan gero.

11:00etan hasiko da lehen txanda, eta ondoren jokatuko dute bigarrena; horregatik, ez da alderik aurreikusten txandatik txandara, are gutxiago eguraldi iragarpenak ikusita.

1. txanda: Zarautz-Getaria, Donostiako Arraun Lagunak, Hibaika Errenteriako Arraun Kirol Elkartea eta Club de Remo Cabo da Cruz.

2. txanda: Hernaniko Arraun Elkartea, C.R.O. Orio Arraunketa Elkartea, Pasai Donibane Koxtape A.E. eta Deustuko Arraun Taldea.

 

Mutilak

Lehia handia eta zaila zuten mutilek atzoko sailkatze proban. 24 partaideren artean 18. egin zuten deustuarrek. Lehen postua lortu zuen Hondarribiako ontziak baino minutu bat eta bederatzi segundo gehiago behar izan zuen Tomaterak erlojupekoa osatzeko. 

 

www.donostiakultura.com

www.donostiakultura.com

[2016-09-01] Deustuko arraunlariak arratsaldean lehiatuko dira Kontxan