Estropada "ona" egitea lortu zuten Deustuko neskek Kontxako Banderan aurreko igandean jokatu zuten lehen finalean; Bizkaiko ontzi batek Kontxan parte hartzen duen lehen aldian. Aitor Mojas taldeko presidenteak bai arraunlariak bai teknikariak zoriondu zituen emaitzagatik: "Debut ona izan da. Ikasten jarraitzeko prest daude", adierazi zuen. Bide batez, "argazkietan ia inoiz irteten ez diren taldekideak" ere zoriondu zituen presidenteak.
Finaleko zortzi tripulazioren artean, seigarren postuan kokatu zen Tomatera (+37.76). Bosgarrena den Caboko traineruarengandik sei segundora. Bigarren jardunaldian (igandean, irailak 11) deustuarren helburua denbora tarte hori txikitzea izango da, bi igandetako batezbestekoa egitean, bosgarren postua eskuratu ahal izateko.
San Juan sartu zen lehenengo helmugan 10:39.88 denborarekin. Hibaika izan zen bigarren (+2.28) eta Orio hirugarren (+3.74). Espero bezala, San Juan eta Hibaikaren artean jokatu ziren lehen bi postuak. Ezustekoa Oriok eman zuen, lau segundo baino lehen helmugaratuz. Hortaz, emozio handia izango da igandean lehen postua eskuratzeko norgehiagokan.
Laugarren Zarautz-Getaria izan zen (+25.56), bosgarren Cabo (+31.74), seigarren Deustu (+37.76), zazpigarren Hernani (+41.92) eta zortzigarren Arraun Lagunak (+44.14).
Igandean, bigarren jardunaldi erabakiorra
11:00etan abiatuko da IX. Emakumezkoen Kontxako Banderaren bigarren eguna. Lehen jardunaldiko lau trainerurik onenek ohorezko tanda osatuko dute. Hortaz, deustuarrek lehen txandan egingo dute arraun. 1,5 miliatako distantzia bi luzeratan banatzen da, ziaboga bakar bat eginez.
Probaren behin betiko sailkapena egiteko, ontzietako bakoitzak bi estropadetako ibilbidea osatzeko erabili duen denbora batuko da, eta bi estropaden batura egin ondoren denbora gutxien egin duen tripulazioak irabaziko du.
[2016-09-02] Deustuko neskak Kontxako Banderako finalean
[2016-09-01] Deustuko arraunlariak arratsaldean lehiatuko dira Kontxan