San Inazioko futbol zelaian bertan egin dugu hitzordua Sociedad Deportiva San Ignacio nesken futbol taldeko lagunekin play-offerako pasea irabazi eta egun batzutara. Ordutik, Sevillaren aurka 4-1 galdu eta 3-3 berdindu ostean, lehen mailara igotzeko aukera gabe geratu da taldea.
Iker Madariagarekin eta Garazi Unibasorekin lotu gara. Iker entrenatzailea da, Joseba Basarraterekin batera, eta Garazi kapitainetako bat, normalean ezkerreko bandan jokatzen duen jokalaria. Aurten, lantaldean, Javi San Martin aritu da atezainen entrenatzaileen arduran eta Sonia Gil fisioterapeuta lanetan.
Jokalarien sentsazioen inguruan hitz egin nahi izan dugu, zer suposatzen duen, alegia, auzoko talde umil batentzat lehen mailako liga baten muturra sartzeko aukera hor bertan izatea. Elkarrizketa grabatuko dugun bulegotxora sartu aurretik kontatu digute auzoan, San Inazion, Añorgaren kontrako partidaren ostean ume zein nagusi ezezagun askok kaletik gelditzen dituztela, bai jokalariak, bai entrenatzaileak ere, zorionak emanez.
Harmailak topera zeuden play offerako pasea irabazi zuten igande eguzkitsu hartan, 700 zale inguru hurbildu ziren berotasuna ematera, eta Ikerrek dioenez, “nik urte mordoa pasa ditut mutilen taldeak entrenatzen eta sekula ez dut ikusi horrelako girorik gurean”. Partida bera ez zen denboraldiko onenetarikoa izan, baina 3-1eko emaitza hori ez dugu hain erraz ahaztuko”, Iker entrenatzailearen esanetan.
Duela hamabost bat urte egin zuen San Inazioko klubak nesken talde bat izateko hautua, eta gaur egun erreferente bilakatu da Deustualdean eta Bilbo mailan nesken futbolari dagokionez.
Ikerrentzat erronka interesgarria izan da aurtengoa, hau izan baita bere lehen urtea neskak entrenatzen. “Nik kluba ezagutzen nuen, San Inazioko mutilen hainbat talde entrenatu izan ditut, baina neskak entrenatzea zer zen ez nekien”. Eskaintza egin ziotenean ez zion uko egin.
Neskak eta mutilak entrenatzeko antzekotasunez edo desberdintasunaz galdetzen diogunean ez du zalantzarik Ikerrek. “Nesken konpromiso maila ezin da mutilek azaltzen dutenarekin konparatu. Aurten, Errege egunean goizez, esaterako, entrenatzen izan gara, eta Aste Santuko oporretatik ere arinago bueltatu ginen entrenamenduetara, jokalariek horrela eskatuta”.
Irribarre zabala erakusten digu, eta haratago doa, “nik nire aurtengo jokalariei ez diet gogorarazi behar beraien burua zaindu behar dutenik, adibidez, oso diziplinatuak direlako. Saiatu naiz, aldageletan, tratuan, nesken eta mutilen arteko ezberdinasunik ez egiten, eta lortu dudala uste dut”.
23 urteko batezbesteko adinarekin, San Inazioko jokalarien kopuru handi bat Lezamatik pasatakoa da. Beraien arteko konpetitibitateari buruz galdetu diogu Garaziri eta ez du zalantzarik izan erantzutean. “Bai, gure artean lehia handia dago, baina lehia ona esango nuke nik. Gutariko bakoitzak badakigu zelaian gure postua irabazteko gogoz lan egin behar dela, eta bakoitzak bere onena ematen du zentzu horretan. Gero lagunak ere bagara, eta giro ona dago aldageletan”.
Lehiakortasunari helduta Ikerrek zera gaineratzen du. “Denboraldia hasi genuenean bilera bat izan genuen aldageletan helburu batzuk finkatzeko asmoz. Jokalariek argi zuten zein zen beraien xedea, play-offetan sartzea eta igotzea. Sinetsi dute, lan handia egin dute eta hemen gaude”.
Heldu diren tokira heltzea ez da batere samurra izan, ordea. Ligako momentu okerrenagatik ere galdetu diegu eta bai Garazi bai Iker bat etorri dira. “Añorgan jokatutako partida eskasa izan zen. Añorgaren zelaia txikia da, ez zaigu inoiz erraza izan, baina gauza bat galtzea da eta beste bat sei gol jasotzea. Horrek min handia eman zigun, gainera Logroñoren kontra jokatu behar genuen handik egun gutxira eta animoa kaltetua genuen”.
Baina oraingo egoera oso bestelakoa da, eta atzera begira Garazik poztasun handiz kontatzen digu beraiek play-offerako pasea irabazi eta hurrengo astean zortzi neskatila hurbildu direla futbol zelaira hurrengo ikasturtean futbolera jokatu nahi dutela adieraziz. Horrek, nahitanahiez erreferenteen garrantziaz hitz egitera garamatza. “Oraindik ez gara guztiz jabetu egindakoaz eta neskatila txiki batengan edota beraien gurasoengan duen eragina gu egunkarian ikusteak, adibidez. Komunikabideetan agertzearekin batera neska futbolisten errealitatea gerturatu eta normalizatu egiten da, eta jendea konturatzen da, hemen bertan, Bilbon, badagoela neska izanda futbolera jokatzeko aukera ederra. Kanporaketan gertatzen dena gertatzen dela, lortutako honi balio erantsia eman behar zaio”.
Neska hauek egiten duten sakrifizioa handia da entrenatzailearen arabera. “Ez da batere erraza uztartzea lanak, ikasketak eta futbolari eskaintzen dioten denbora. Izan ere hiru egunez entrenatzen dute eta astebururo jokatzen dute. Haietako batzuk gainera, ume txikien entrenatzaileak dira, eta arbitro lanetan ere badabiltza. Hori dena egiteko gaitasun handia behar da”.
twitter.com/SaniFemenino
instagram.com/sanifemenino
www.instagram.com/sanifemenino
[2017-05-22] San Inazioko neskak lehen mailako ametsa betetzetik gertu
[2017-04-24] Futboleko lehen mailara igotzeko fasea jokatuko dute San Inazioko neskek