Hiru bat aldiz bisitatu du bere familiak David Rincon Hanburgoko kartzelan uztailaren 6an atxilotu zutenetik. David "ondo" dagoela diote senideek. Bere auzoko lagunek ere "animatuta" dagoela nabarmentzen dute. "Irailaren 25a noiz helduko zain dago". Orduan du epaiketa eguna.
Jakinarazi diote jada zer leporatzen dioten. Atxiloketaren unean eta lehen asteetan bere abokatuari jakinarazi ez ziotena "gobernuak ezarritako salpuespen legediagatik". Poliziaren txostena oinarri hartuz gero, autoritatearen kontrako atentatua egitea leporatuko dio Fiskaltzak, eta hortaz sei hilabetetik sei urtera arteko espetxe zigorra eska diezaioke, Alemaniako legediaren arabera.
Hiru bat dira jada G20aren goi bileraren testuinguruan epaitu dituzten lagunak desordena publikoa eta autoritatearen kontrako atentatua egitegatik. Sei hiletik 31 hilabetera arteko zigorrak ezarri dizkiete. Daviden kasuan, bere lagunek eta senideek ez dute baikorregi izan nahi, besteak beste, "salbuespen legediak dirauelako". Abokatuek ere ez dute aurreikuspenik egin nahi, eta kasuen banakako irakurketa egitea erabaki dute.
Hainbat mobilizazio
Asko izan dira David Rinconen atxiloketa gertatu zenetik G20aren aurkako herri ekimenak burutu dituen mobilizazioak San Inazio auzoan eta Bilbo erdigunean. Azkena Aste Nagusian. 150 bat lagun batu ziren udaletxe aurrean Daviden berehalako askatasuna exijitzeko. Hainbat konpartsek ere beren txosnetan Daviden askatasuna eskatzen zuten mezuak zabaldu ziztuzten. Horrela, "jaietan ere presentzia izan du", herri ekimeneko kideen hitzetan. Irailaren 25aren aurreko astean ere hainbat dinamika aurreikusita dituzte.
Bi hilabete
Hanburgon G20aren goi bilerak iraun bitartean 200 bat lagun atxilotu eta 50 bat lagun atxiki zituen Alemaniako Poliziak uztailaren 5, 6, 7 eta 8an. Horietako bat da San Inazioko David Rincon. Bere lagun eta senideen esanetan lagunekin afaltzen zegoela atxilotu zuten. Behin baino gehiagotan azpimarratu dute "Hanburgon gertaturiko istilu edo buruturiko ekimenetan ez zutela atxilotu, lagun kuadrilarekin afaltzen zegoenean baizik".
Davidi beste atxilotuei bezalaxe salbuespen legedia ezarri zioten. Besteak beste, bere abokatuak nekez lortu du poliziarengandik eta epaileengandik informazioa. Ondorioz, atxilotuak "ziurgabetasun egoeran eta babes juridiko gabe" egon direla salatu dute hainbat abokatuk.
David Rincon atxilotu eta 16 ordura komisaldegitik epaile baten aurrera eraman zuten, baina ez zioten onartu konfiantzazko abokatua ondoan izatea. Kartzelaz behin aldatu eta gero, hasierako kartzelan dago harrezkero.
[2017-07-12] Hanburgon "gatibu" sei egun daramatzan David Rincon "berehala askatzeko" exijitu dute
[2017-07-10] Hanburgon atxilotutako San Inazioko David Rincon gaztearen askatasuna eskatuko dute