Itsaso zakarra zegoen Kontxako Banderaren egun erabakiorrean. Arraunerako baldintzak "konplexuak" zirela aitortu dute Deustu Arraun Taldeko arduradunek. Itsasadarrera ohituta, egoera ez zen deustuarrentzako egokia haize eta olatu zakarrengatik. Emaitzek frogatu zuten susmoa. Bigarren jardunaldian 'Tomatera' azken izan zen eta, hortaz, bi igandetako denbora gehituta, zortzigarren postuan geratu da Donostiako 10. Banderako sailkapen orokorrean 26:40.24 denborarekin; garaile izan zen San Juaneko ontziak baino 2:32.26 gehiago behar izan zuen. Zoritxarrez, lehen zazpiren artean geratzeko ezarritako erronka ez du lortu taldeak.
Atzokoan, ondo aritu ez baziren ere, txalotzekoa da Deustuko neskek bai Kontxan sailkatzeko bai Kontxako lehen jardunaldian egindako estropada. Iazkoaren ostean, bigarren esperientzia izan dute Kontxan. Bitan parte hartu dute eta bitan sailkatu dira.
Burututako denboraldia ere ez da makala izan. "Harro egotekoa da", klubeko ordezkarien hitzetan. "Lan handia egin dute arraunlariek; zoriontzeko modukoa da". 15 kideko Deustuko erriberako taldeak Bizkaiko Txapelketa eta Lekeitioko Bandera eskuratu du aurtengo denboraldian.
San Juan irabazle
Erlojuaren kontra jokatu da estropada, laugarren kaletik, itsasoaren egoeraren ondorioz. Kontxako 10. Bandera San Juanek eskuratu du. Hibaikak bi segundoko aldea lortu zuen lehen jardunaldian, baina San Juanek itsasoaren egoera aprobetxatu eta 14 segundo atera dizkio Hibaikari, azkenean, sailkapen orokorrean.
[2017-09-04] Seigarren izan dira Deustuko neskak Kontxako lehen igandean