Bertsolari gazteei zuzendutako afera gehiago

prestaldizkaria 2017ko urr. 23a, 08:31

Aferak egitasmoaren lehen saioa

Ostegunean, Aferak egitasmoaren bigarren saioan, lau bertsolari gazte kantuan jarriko ditu Enare Muniategik Deustuko Herriko tabernan, "giro informalean, epaimahaiaren presiotik urruti".  

Mikel Aiartzaguena, Iraitz Marco, Asier Galarza eta Lurdes Ondaro arituko dira bertsolari, Enare Muniategi gai-jartzailearen esanetan, urriaren 26an, 20:00etan Deustuko Herriko Tabernan hasiko den saioan. 

Aferak egitasmoak lagunarte eta taberna giroan bertsotarako aukera eskaini nahi die bertsolari gazteei. Izan ere, bertsolari gazteek bertsotan egiteko aukera desberdinak behar dituzte. Eskola arteko edota eskualde arteko bertsolari gazteen sariketak egon badaude, baina “ez saio informalak, ez hain teknikoak, epaile gabeak”, Enare Muniategi Elorri bertso eskolako kidearen arabera. Txapelketaren formatutik at daudenak. Eta garrantzitsua da epaimahaiaren presiorik gabe, “norbere buruaren presioarekin bakarrik” kantatu ahal izatea. Adibidez, taberna giroan. Horrelakoetan, “bestelako giroa egoten da”, Ander Anakabe bertsolariaren hitzetan, eta “albokoari gehiago laguntzen diogu bertsolariok”. Gainera, “umore gehiago” izaten dute saioek. 

Guztira, 25 bat bertsolarik parte hartuko dute otsailera arte luzatuko den egitasmoan. Saioko bertsolari bana eta gai jartzailea Deustuko Elorri bertso eskolako kideak izango dira, eta gainerakoak inguruko bertsolari gazteak (Santutxu eta Algortako bertso eskolakoak) edo “hemen ikasten ari diren bertsolariak”. 

Egitarauan bost emanaldi (irailak 28, urriak 26, azaroak 30, abenduak 19 eta urtarrilak 25) eta bertso bazkari bat (otsailak 24) aurkituko ditu zaleak.

 

[2017-10-05] Lehen afera zirkuan

[2017-09-28] Gazteak tabernan bertsotan epaileen presiotik urruti