Deustualdean, ostegunetik aurrera, '11 Egun Euskaraz'

uriola.eus 2017ko aza. 21a, 11:13

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatzekoa den 11 Egun Euskaraz ekimenean dagoeneko 707 pertsonak eman dute izena. Deustualdean euskararen erabilera sustatzea xede duen proiektua abian da eta jendearen partaidetza ezinbestekoa izango da.

11 Egun Euskaraz ekimenaren antolatzaileek parte hartzeko azken deialdia egin dute. Bihar, argazki erraldoia egingo dute San Pedro plazako kioskoan 19:30ean, eta ostegunean, berriz, dinamikari hasiera emango diote. Ideia planteatu zutenean espero baino pertsona gehiagoren laguntza eta partaidetza jaso duten arren, gogotsu jarraitzen dute, eta azkenengo unera arte ekimenean parte hartzeko gonbidapena zabalik egongo da.

Erronka zenbakietara eramanda, 100 Ahobiziren eta 150 Belarripresten partaidetza lortzea zuten helburu hasieran. Lehen egunetan izen-emate elektronikoa “ondo joan da, aparteko propaganda egin gabe”, eta handituz joan da astero. Gaur goizean, 707 dira guztira apuntatuta daudenak eta azken egunetako bultzakadan gehiago lortzea nahi dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, "Partaidetza nola doan ikusita, mila pertsonara heldu gaitezke, eta hori guretzako itzela izango litzateke".

Ekimenean parte hartzeko bi modu daude, Ahobizi edo Belarriprest izateko konpromisoa hartzea. Euskaraz komunikatzeko gaitasuna dutenak ahobizi izango dira. Hamaika egunez euskaraz egingo dute beti lehen hitza eta bigarren hitza euskaldunekin eta ezezagunekin komunikatu behar dutenean. Etxean, kalean zein lanean. Euskarari eutsiko diote. Eusle lana egingo dute aurrez aurre duten pertsonak hizkuntza aldatzeko eskatu arte. 

Belarriprest izango direnak, ostera, euskara ulertzeko gaitasuna dutenak dira. Belarriprestek harrera baikorra agertuko diote euskaraz egiten dienari, eta euskaraz erantzuten ahaleginduko dira, ahal duten neurrian. Egitasmoak iraungo duen hamaika egunetan partaideek Ahobizi edo Belarriprest direla adierazten duten txapa bana eramango dute soinean. 

Parte hartzeko gonbidapena, eta txapak lortzeko aukera zabalik egongo da azken unera arte. Berbaizuren bulegoan bertan eman daiteke izena eta zure Belarriprest, edota Ahobizi txapa eskuratu. Bihartik aurrera egingo dituzten ekimenetan parte hartzeko gonbidapena ere luzatu dute antolatzaileek.

 

11eguneuskaraz.blogariak.net

[2017-11-07] Ahaldundu eta aktibatu, euskal komunitatearen erronka

[2017-10-30] Jon Intxaurraga: 11 egun elegante!

[2017-09-20] Erronka: hamaika egunez ahobizi eta belarriprest

[2017-09-19] Deustualdeko euskaldunek hamaika egunez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuko dute