Giro ederra eta jendetza Deustuko jaien hasieran

uriola.eus 2018ko mar. 19a, 13:19

Nahiz eta euria egin, lehenengo asteburu honetan "aparteko giroa" egon dela adierazi dute Jai Batzordeko kideek. Jai gunea jendez beteta egon da eta egin diren ekintzetan auzokideen partaidetza handia izan da.

Deustuko Jaiak ostiralean abiatu ziren Done Petriko kioskoan Bihotz Alai Folklore Dantza Taldeko lagunek txupina bota zutenean. Taldeak bere 60. urteurrena egingo du aurten, horregatik hautatu zuten aurtengo jaietako pregoilari eta txupinero izateko. Txupina jaurti ostean, konpartsak eta kuadrillak txosnetara kalejiran jaitsi ziren, txistulariekin eta Ondalan konparstako erraldoiekin batera.

Gauean musika kontzertuak izan ziren protagonistak, bai tabernetan (Cowboy taldea Golf Barri tabernan, Edu Basterra Tapa Tapita Tapon tabernan eta Mikel Bizar Bordatxo jatetxean), bai jai guneko eszenatokian (Sustrajah Band, Glaukoma eta Joseba B. Lenoir).

Jendeak karpa eta txosnak bete zituen, aparteko giroa sortuz lehenengo gau horretan. Gau hotza izan arren, ez zuen euririk egin, eta jaia gauera arte luzatu zen. Hurrengo egunean, berriz, euriaren prezentziak ekitaldi batzuk bertan behera uztera eta beste batzuk lekuz mugitzera behartu zuen.

Halan eta guztiz ere, horrek ez zuen jai giroa eten. Bideoan ikusi daitekenez, eguerdiko gastronomikoan, nahiz eta lekuz aldatu, parte hartzea handia izaten jarraitu zuen. Antolatu eta egin ziren beste ekintza guztietan ere berdina izan zen. Horrez gain, gau partean, euriak ez zuen parranda botatzeko gogoak kendu, eta beste gau batez jai gunea beteta egon zen gaueko festa bukatu arte. 

Orain atsedena hartzeko unea heldu da. Martxoaren 25era luzatuko dira Deustuko jaiak, baina ostegunera arte itxaron beharko da jaiekin jarraitzeko. Egun horretan, Berbaizu Euskara elkarteak eta Matxintxu AEK elkarteak Mintzodromoa antolatuko dute. Euskaraz aritzeko aukera bikaina izango da. Euskaraz hitz egin ondoren, euskara entzuteko aukera egongo da.

Izan ere, arratsaldeko 20:00etan bertso-saioa antolatu dute Done Petri plazan, frontoiaren ondoan. Bertan, azken Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak egongo dira: Maialen Lujanbio txapelduna eta Aitor Mendiluze txapeldunordea besteak beste. Beraiekin batera, Oihana Bartra eta Unai Iturriaga bertsolariak egongo dira eta gai jartzailea, berriz, Arkaitz Estiballes izango da. Egun horretan Gazte Gauaren ordua izango da eta eurokaña mantenduko dute.

 

[2018-03-16] Deustuko jaiak bero-bero

[2018-03-14] Pregoiaren ardura

[2018-03-12] Hamaika aukera Deustuko jaietan

[2018-03-07] Sorpresa!

[2018-03-05] Hamaika egun falta dira jaiei hasiera emateko