Puzgarriak, jolasak, karaokea, bizikleta martxa, mahai-ingurua, parrillada, zunba, kontzertuak eta, batik bat, oso giro ona izan zen joan den larunbatean Vicinay lantegi zaharrean. Bizilagunek Erriberako Auzogunea izendatu duten espazio berrian.
Cadenas Vicinayko azken langileek bulegoetatik alde egin eta gero, arpilaketaren ondorioz apurtu eta txikitutako eraikineko lehen solairua bi hilabete eta gero erabilgarri dago Erriberako auzotarrentzat. 500 bat guztira. Horietako asko hurbildu ziren larunbatean gune berritua inauguratzera. Deustutik eta Bilbotik ere lagun ugari bertaratu ziren ikusminak eraginda.
Ludoteka, batzar gela, argazki laborategia eta gimnasioa ezagutu zituzten, besteak beste. Jarduera asko egin ahal izateko lekua eskaintzen baitu Erriberako topagune berriak. "Norberak nahi duena egiteko espazio libre bat" izango dela dio Jose Morales bertako kideak. "Auzotarrek behar zuten lekua" dela dio Nerea Olaziregi bizilagunak. Zalantzarik gabe, Erriberan gogoa eta ilusioa piztu duen proiektu kolektiboa da.
Bilbo Udalaren, Cadenas Vicinayren eta Zorrotzaurre planeko batzorde kudeatzailearen oniritzia dute auzotarrek eraikina erabiltzeko, leku horretan altxatuko den ikastetxeko obra hasi arte. Bitartean, Vicinay eta Erribera inoiz baino biziago daude.
facebook.com/Erriberak-Bizinahi-du