Haurren aurkako sexu-abusuek ez preskribatzeko eskaria

uriola.eus 2019ko ots. 26a, 12:30

Otsailaren 8an Done Petri plazan egindako elkarretaratzea. Argazkia: Ecuador Etxea

Deustuko salestarren aurkako salaketak jarri dituzten ikasleek sexu-abusuen gaia agenda politikoaren erdigunean jartzeko eta "alderdikeriaz" ez erabiltzeko eskatu dute. Legea aldatzeko ekimenak eskatu dituzte, delituak preskribatuta eta argitu gabe gera ez daitezen.

Salestarren aurkako salaketak jarri dituzten ikasleek politikariei eskatu diete egin beharreko aldaketak egin ditzatela haurren sexu-abusuen delituek preskribatu ez dezaten. Vatikanoak pederastiaren aurkako goi-bilera egin eta biharamunean kaleratu dute agiria biktimek.

Joan den astean Bilboko Instrukzio Auzitegiak irakasle ohiaren aurka jarritako 31 salaketetako zortzi artxibatu zituen. 80ko hamarkadan haurrei egindako sexu abusu delituak preskribatu egin direlako hartu zuen erabakia auzitegiak.

Horregatik eskatu dute delituok ez preskribatzeko neurriak hartzea. Salatzaileek azaldutakoaren arabera, sexu-abusuak pairatu dituzten haurrak adinez nagusi izatera heldu eta delituak salatzeko erabakia hartzen dutenerako, "denbora gehiegi" igarotzen da, eta horrek asko zailtzen du egia argitara ateratzea.

Jarritako salaketekin haurren aurkako sexu-abusuen gaia mahai gainean jarri eta abusuak jasan dituzten guztiak salaketa jartzera animatu nahi dituzte. Oharrean Elizari, eta salestarrei bereziki, "gardentasuna, umiltasuna eta zintzotasuna" eskatu dizkiete, eta erasotzaileak ez babesteko.

[2019-02-08] Babesa erakutsiko diete salestarretan sexu abusuak salatu dituzten ikasle ohiei

[2019-02-04] Salestarretan ikasi zuten zortzi ikaslek sexu abusuak jasan zituztela salatu dute