Greba Orokorra U30

Auzoetako greba-batzordeak martxan

prestaldizkaria 2020ko urt. 14a, 11:58

2013ko martxoaren 30eko greba San Inazio, Elorrieta eta Ibarrkeolandan.

Urtarrilaren 30ean greba orokorra egingo da  Hego Euskal Herrian “lan, pentsio eta bizitza duinaren alde”. Aldarrikapenak oihartzuna izaten ari dira gure auzoetan: San Inazio-Ibarrekolanda-Elorrietan eta Deustun greba-komiteak antolatu dituzte, auzootako mobilizazioak prestatzeko, informazioa zabaltzeko eta aldarrikapenak gizarteratzeko.

Sei urte joan dira sindikatuek Hego Euskal Herrian azken greba orokorra antolatu zutenetik. 2013ko maiatzaren 30ean izan zen hura. Aurreko lau urteetan, 2009tik 2013ra arte, zazpi egin ziren. Nolanahi ere, bestelako grebak antolatu egin dira. Azken bi urteotan, mugimendu feministak bi greba orokor deitu ditu Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, martxoaren 8an, alegia, eta sektore lanuzteak asko eta askotarikoak izan dira: metalean, kirolean, kristau eskolan, garraioan, zaintzan, garbiketan... 

Bada, krisi ekonomikoa deritzona hasi zenetik hamarkada luze igaro denean eta Hego Euskal Herriko pentsiodunek bi urte beteko dituztenean protestetan, greba orokorra deitu dute Euskal Herriko hainbat eragile eta sindikatuk, 2020ko urtarrilaren 30erako, hain zuzen.

2018ko urtarrilaren 15ean, astelehenez, elkartu ziren lehen aldiz Bilboko udaletxearen aurrean hainbat erretirodun 1080 euroko gutxieneko pentsioa eskatuz. Dagoeneko 100 astelehen baino gehiagotan errepikatu dute ekintza bera, eta mugimendua Hego Euskal Herri osora hedatu da. Bi urte hauetan 13 mobilizazio handi antolatu dituzte eskualdeka eta zenbait lorpen erdietsi badituzte ere, “txikiak” izan direla esan digu Jon Fanok, Pentsionistak Martxan mugimenduko kideak.

Mobilizazioak hasi zituztenetik pentsioak %1,6 igo dira, pentsio baxuenak %3, eta alargunak ezkonlagunaren soldataren %52a jasotzetik %60a jasotzera igaro dira. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak (DBE) %4,5 egin du gora pentsiodunentzako, baina neurriak ez duela ezer konpontzen uste du Fanok, pentsio baxuenak jasotzen dituzten emakumeen kasuan, esaterako, askok ez dituztelako DBEa jasotzeko baldintzak betetzen. Bestalde, jasangarritasun faktorea 2023. urtera atzeratzea lortu dute, baina ez bertan behera uztea. Pentsioak kalkulatzeko indize bat da, biztanleriaren bizi itxaropena eta Estatuaren egoera ekonomikoa kontuan hartzen dituena. Hainbat azterketaren arabera, irizpide hau kontuan hartuz gero, 15 urtetan pentsioak %30 murriztuko lirateke.

Aurrerapausoak aurrerapauso, bide luzea du aurretik pentsio duinen aldeko mugimenduak, eta amore emateko asmorik ez. Bi urteko ibilbide luze honetan gizarteko hainbat eragilerekin hartu-emana izan du : mugimendu feministarekin, langile eta sindikatuekin, gazte kolektiboekin... Horren fruitu da Eskubide Sozialen Kartak egindako lanuzte deialdia. Salto kualitatiboa eman eta “inflexio puntua” bilatu nahi izan dute horrela, asteleheneroko elkarretaratzeak “ekintza monotono bilaka ez daitezen”.

Pentsio duinak defendatzeaz gain, pertsona nagusien arretan ere jarri nahi dute azpimarra. Zaintza zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa izatea nahi dute, artatuen eta zaintzaileen baldintzak babesteko. Jakitun dira eskatzen dituzten neurri gehienak momentuz Madrilgo gobernuaren menpe daudela, baina, era berean, jakin badakite, EAEko eta Nafarroako gobernuek baliabide legalak eta ekonomikoak dituztela osagarri bidez gutxieneko 1080 euroko pentsioak bermatzeko.

Deialdia luzatu zenetik, eskualde, herri eta auzo guztietan greba prestatzen ari dira buru-belarri. Auzo guztietako komiteetan hartzen dute parte, eta grebaren garrantzia gizarteratzea dute helburu. Nolanahi ere, ez diote astelehenetako elkarretaratzeak egiteari utziko.

Azaroaren 16an pentsionistek Bilbon antolatutako manifestazioa. Argazkia: Ecuador Etxea.

Mugak jartzeko “planto” orokorra

“Krisiaren aitzakian azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari mugak jartzea” da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren helburua. Eredu sozio-produktibo berri baten premia azpimarratu dute, “bizitza erdigunean jartzeko eta zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emateko”. Eredu horren ardatzak izango liratekeenak ere zerrendatu dituzte: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa eta eskubideen unibertsaltasuna, besteak beste. Horiek horrela, mobilizazio dinamika abiatzea erabaki dute, deialdia egin zuten egunaz geroztik martxan dena.

Horretarako, greba metodo klasikoak eta berriak uztartuko dituzte. Izan ere, “greba soziala” da hau, LAB sindikatuko eta San Inazioko bizilagun Iñigo Alonsok azaldu bezala, lan-baldintzekin lotutako eskakizunekin batera, aldarrikapen sozialek pisu handia izango dutelako. “Konfrontaziorako sinbolo berriak eta borroka molde berriak bilatu behar dira, lan zentroak ixteaz gain, aldarriak gizarte osora zabaltzeko”, diosku. 

Aldarrikapenak auzoetara ekartzeko greba-batzordeak antolatu dituzte bai San Inazio-Ibarrekolanda-Elorrietan bai eta Deustun ere. Gizarte sektore ahalik eta zabalena aktibatzea dute asmo: pentsiodunak, emakumeak, gazte eta ikasleak edota soldata gabeko langileak, finean, langileria osoa grebara eta protestetara batzeko.

Propaganda modu askotara zabaltzen ari dira eta mobilizazio eta ekintza ugari iragarri dituzte. San Inazion, esaterako, manifestazioa egingo dute urteko azken larunbatean, abenduaren 28an; eta urtarrilaren 17 eta 18rako jardunaldiak antolatu dituzte Errondoko Auzo Etxean. Espazioa, azken greba feministetan bezala, sostengurako gune izango da, “zaintza kolektiborako, bazkaltzeko, atseden hartzeko, borrokarako prestatzeko eta behar denerako”. Grebaren egunean bertan, ohi bezala, goizeko piketeen ostean zutabeak egingo dituzte auzoetatik Bilboko manifestazioetara joateko.

Deustuko metalgintza ere aktibo

Azken hilabeteotan Bizkaiko metalak borroka luzea izan du patronalarekin hitzarmena berritzeko ahaleginetan. Guztira, hamar egunez egin dute greba 2019an, eta hainbat manifestazio handi antolatu dituzte Bilbon, azaroaren 27an aurreakordioa sinatu arte. LABeko metaleko arduradun Marijo Romerok argitu bezala, Deustun industria poligono handirik ez badago ere, hainbat dira metalaren sektorearen pean biltzen diren tailer eta lantegiak. Consonni, Elecnor, Applus norcontrol, Schindler, Suez Trataments Solutions, Bilbo Berri Auto eta Eni aipatu ditu, bai eta ordezkaritza sindikalik gabeko tailer txiki asko ere. Kale argiztapenaren mantenuan Udalak azpikontratatuta lan egiten dutenak ere metalaren sektorekoak dira eta hitzarmen berriaren alde borrokan askok hartu dute parte lanuzteetan eta mobilizazioetan.

Romerok azaldu digunez, “Deustu, Bilboko gainerako auzoak bezala, ez da inposatu nahi diguten hiri ereduaren aurrean kanpo gelditzen”. Kontsumora bideratutako hiria, “erakusleiho hiria”, industriako langileak ezkutatzen saiatu den arren, berton  metalaren sektoreko kide asko daudela nabarmendu du. Zerbitzu pribatuetan lan egiten dutenen prekaritate gordina eta sektore publikoan etengabe egindako murrizketek ere auzoko langile klasean eragina dutela gaineratu du.

 

Urtarrilaren 30eko greba orokorrera begira manifestazioa egingo da ostiralean