Oposizioak Errekaldeko biaduktuaren eraispenean aurrerapausoak eskatu ditu Batzar Nagusietan

uriola.eus 2014ko mai. 29a, 16:50

EH Bilduk Errekaldeko biaduktuaren eraisketaren gaia mahaigaineratu zuen atzo Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikan izan zuten Osoko Bilkuran. Bilboko Udalak Iparlat enpresari diru kopuru bat ordaindu dio lan hori egiteko eta koalizio ezkertiarrak salatu duenez, gaur egun ez dago “inolako proiekturik martxan”.

Asier Vega Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduko kideak uriola.infori azaldu dionez, Udalak 12 milioi euro ordaindu zizkion Iparlat enpresari Errekaldeko biaduktua eraisteko eta “momentu hauetan ez dago inolako proiekturik lan hori aurrera eramateko”.

Koalizio ezkertiarrak, atzoko Osoko Bilkuran gaia plazaratu zuen eta oposizioko gainontzeko alderdiek bat egin zuten esatean, 2006ko Bilboko Sarbideetarako Foru Planaren baitan dagoen proiektua egiteke dagoela. SER katearen arabera, EAJk argi utzi zuen “proiektua beste lehentasun batzuek atzeratu dutela eta dagoeneko urratsak ematen hasi direla”; izan ere, Nerea Ahedo EAJko kidearen hitzetan, Ingurugiroarekiko Bideragarritasun Plan bat eskatu baitute. Hala ere, ez ditu gaiaren inguruko zehaztasunak eman.

Atzoko Osoko Bilkuran alderdiek proposamen ugari egin bazituzten ere, popularrena baino ez zuten onartu jeltzaleek. PPko kideek Foru Aldundiari, Bilboko sarbidearen idazketa abiaraztea proposatu zioten.

Bestalde, PSOEk, Errekaldeko saihesbidea berehala eraikitzen hastea eskatu zion Aldundiari eta EH Bilduk dagoeneko eginda dauden azpiegiturak erabiltzea proposatu zuen. Esaterako, Supersurrera bideratzea  saihesbidetik pasatuko den trafikoa, biaduktuaren eraisketa posible eginez.