Barra bat eta eszenatoki txiki bat prest dauzkate Etxarri gaztetxean. Harrizko eraikina delako deitu diote horrela. "Dena hormigoia da", adierazi diote URIOLAri. Kukutzari es diote aipamenik egin nahi izan izena hautatzean, "beste prozesu bat" delako, "guztiz berria", nahiz lagun batzuk Errekaldeko gaztetxe entzutetsuan parte hartu zuten.
"Ezinezkoa da Kukutzarekin konparatzea". Errespetuz diote hori, izan ere, badakite loturak eginez gero "guk eman ezin duguna" eska dezakeela auzoak. Eta beraiek astiro hasi nahi dute. Horregatik gaurko inaugurazio ekitaldiaren ostean, aurrerago, asanblada egingo dute eta bertan "auzoak erabakiko du Etxarri gaztetxean zer egin". Beraz, denborak eta beharrak bideratuko duten proiektua da.
Auzoari irekia izango den inaugurazioa izango da arratsaldekoa. "Elkarteak eta auzotarrak bertara parte hartzera hurbil daitezela" nahi dute gazteek. "Auzoaren beharrizanak asetzea eta horretarako ahal dugun guztia egitea" da eure helburua.
Orain baino lehen, Etxarri gaztetxea lantegia izan zen. Eraikina bi sute pasatakoa da eta hala ere edukiz beteta aurkitu zuten gazteek. Paper eta plastiko-biribilki ugari dago barruan. Horiek ez dituzte bota. Bai ordea hondakin eta zabor piloa, kamioi bat betetzeraino. Gogor egin dute lan Errekaldeko gazteek azken hiru hiletan, bi solairuko eraikina "konpontzen, garbitzen eta prestatzen".
2011an Kukutza III eraitsi zutenetik, Errekalden autogestioan eta auzolanean oinarritutako espazio baten beharra nabaria izan da. Joan den uztailaren 3an, Errekaldeko jaien baitan, auzotarrek eraikin berri bat okupatu zuten. Gaur ateak zabalduko ditu.
Inaugurazioa
Jai giroan emango diote hasiera gaur, ostirala, Errekalden auzoko gaztetxe berriaren ibilbideari. Horretarako, auzotarrei Etxarri gaztetxearen inaugurazioan parte hartzeko deia zabaldu diete. 19:30ean ezarri dute hitzordua Diaz doktorearen enparantzan. Bertatik abiatuko da kalejira. Gaztetxean bertan aurkezpen ekitaldia prestatu dute bertaratzen direnek Etxarri espazio berriaren helburu eta erronkak ezagut ditzaten. Luntxa eta musika ere izango dira, Akerjenbe eta DJ Uki, inaugurazioa borobiltzeko.
[2014/10/09] Etxarri gaztetxea inauguratuko dute Errekalden ostiralean
[2014/07/04] Kukutzaren ondorengoa izango den eraikina okupatu dute Errekalden