Hiri-ortuen lursaila San Antonio parkearen aurrean dago. Auzotarrekin kokapenaren egokitasuna kontsultatuta, lursail hori aukeratu da. Lursailetik hurbil garraio publikoa dago, Bilbobuseko 76. linea. Gainera, San Antonio parkeko komunak eta aparkalekua erabili ahalko dira.
Proiektuak 23 ortu sortzea aurreikusten du. Lur-zati bakoitzak 40 metro karratu izango ditu. Gainera, espazio komun bat egongo da, estalia, tresnak biltzeko eta takilak jartzeko.
Obra eta Zerbitzuen Sailak udalaren hiri-ortuei izaera sozial garrantzitsua eman nahi izan die, emakidarako baldintzen orriaren bidez. Loteka esleituko zaizkie hiri-ortuak kolektibo batzuei. Lehiaketa irekia egongo da eta esleipen-aldia urte bikoa izango da. Aldi hori urtebetez luzatu ahalko da.
Eskariak ekainaren 30era bitartean egin daitezke. Uztailaren 27an argitaratuko dira behin betiko zerrendak. Adjudikazioa eskuratzen dutenek espazio horietako mantentze-lanak egin beharko dituzte, baita dinamizazio-jardueretan parte hartu ere, ingurumenaren arloko balioak zabaltzen dituen Eskola Agenda 21eko eskola-umeekin, esaterako.
Ortuetako laborantza ekologikoa izango da eta esleipendunek espazioa artatzeko lanetan eta antolatzen diren dinamizazio-ekintzetan parte hartu beharko dute, esaterako, ingurumen balioak zabaltzeko Eskolarteko 21 Agendako umeekin kolaboratzea.
Lur-zatian landutako jeneroa ezin izango zaie hirugarrenei saldu.
Lur-zatiak esleitzeko irizpideak
9 lur-zati auzoko herritarrentzat izango dira. Norbanakoak zein taldeak aurkez daitezke. 18 eta 24 urte bitartekoek eta 65 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute.
5 lur-zati auzoko familientzat izango dira.
4 lur-zati auzoko langabeentzat izango dira. Zenbat eta urte gehiago langabezian, orduan eta puntuazio handiagoa lortuko dute aurkezten direnek.
2 lur-zati auzoko irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat izango dira.
2 ezintasunak dituzten pertsonentzat edo ezintasunak dituzten pertsonen elkarteentzat izango dira. Auzoan erroldatuta dauden pertsona ezinduek edo elkartearen egoitza duten ezinduen elkarteek puntu gehiago lortuko dituzte. Elkarteen kasuan aurkezten duen kudeaketa-proposamena ere baloratuko da.
Lur-zati bat Bilboko irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat izango da. Sustapen, dinamizazio eta kohesio soziala eta Bilboko ingurune naturalaren sustapena bultzatzen dituen elkarte batentzat izango da. Gazteak eta aisialdia sustatzea baloratuko da, baita auzoan dauden taldeei lotuta egotea ere; hau da, auzoko mendi-taldeak, scout-taldeak, parrokiakoak edo gizarte eta hezkuntza-arloan esku hartzeko taldeak izatea bereziki baloratuko da.
Familientzako eta langabeentzako loteetarako eskaria handiagoa izanez gero, lehentasuna izango dute auzoko herritzarrentzako loteak esleitzeko orduan.
Ortuen kokapena, eta baldintzen esleipenei emandako orientazioa auzoko zenbait talderekin kontrastatu dira azken urteetan:
- Errekaldeko jubilatu eta pentsionisten elkartea
- Errekalde Lanegia langileen asanblada
- Gazteleku, komunitateko garapen elkartea
- Errekaldeberriz auzo elkartea
Ekimen hau Obra eta Zerbitzuen Saila garatzen ari den Auzo Bihotzen proiektuaren barruan dago. Bilboko Udalak auzotarren bizi-kalitatea hobetu nahi du aisialdia emateko espazio berri bat abian jarriz. Horren bidez auzoko bizitza soziala dinamizatu, auzotarrak kohesionatu eta hurbileko topaleku eta bizi-espazio berriak sortu nahi ditu. Gainera, ekipamendu honek auzotarrak Bilboko Eraztun Berdera hurbilduko ditu.