Udal langileak "behar bezala zaindu eta babesteko" neurriak eskatu ditu LABek

uriola.eus 2015ko mai. 11a, 10:15

Aurreko ostiralean, hilaren 8an, Errekaldeko Udal bulegoan udal langile baten kontrako eraso saiakera "ez dela lehena" salatu du LAB sindikatuak, horrelako gertakizunak "iaz ere" gertatu zirela bulego berean.

Eraso saiakera pairatu zuen lankideari elkartasuna adierazteaz gain, "honelako egoerak saihesteko neurriak" eskatu ditu LAB sindikatuak. Zentzu horretan proposamen zehatzak egin dizkio Bilboko Udalari, besteak beste, "kontratazioa handitzea ordezkapenak egiteko eta erabiltzaileak denbora gehiegi itxaroten egon ez daitezen; une problematikoetan udaltzaingoaren presentzia ziurtatzea erronda programatuekin edo Lan Arriskuen Prebentzioaren Komiteak Udal Bulego honen egoera aztertu eta behar diren neurriak hartzea langileen segurtasuna bermatzeko, kanpoko indarkeriaren aurkako protokoloa martxan jarriz".

LABek ez du "batere egoki ikusten" Udalaren jarrera langileen segurtasuna bermatzeko orduan ezta erasoen ostean eman beharreko babesa eta laguntzaren aurrean ere. "Moteltzat eta leuntzat" jo du Udalaren erantzuna. "Bada garaia Udalak bere langileak behar bezala zaindu eta babesteko", adierazi du.