7. barrutiko hauteskundetako emaitzak

uriola.eus 2015ko mai. 26a, 08:45

EAJ izan da garaile 7. barrutian, alde handiarekin, jeltzaleak izan diren arren hautesleen zigor handiena jasan dutenak, 2011n baino 1.356 boto gutxiago jaso dituzte. Ametzolan galdu du boto gehien EAJk, lau urtetan 525 boto, 390 Iralan eta 316 Errekalden.

PPk 1.245 boto galdu ditu aurreko udal hauteskundeekin alderatuta, eta 7. barrutiko bigarren postutik laugarren postura egin du atzera. 436 boto gutxiago jaso ditu Errekalden, 432 galdu ditu Ametzolan eta 358 Iralan. Popularrek Uretamendin baino ez dute gora egin –59 boto–.

PSE bigarren indar bilakatu da 7. barrutian, 446 boto galdu arren. 168 boto galdu ditu Errekalden, 95 Iralan eta 90 boto Ametzolan.

EH Bilduk gora egin du, 126 papeleta gehiago eskuratu ditu 7. barrutian, eta hirugarren indarra da. Bigarren diren sozialistek 131 botoko aldea baino ez diete ateratzen.

Ciudadanosek oro har presentzia txikia lortu du 7. barrutian, guztira, 758 boto. Auzo guztien artean, Errekalden lortu du papeleta gehien, 237 hain zuzen ere.

UdalBerrik 1.826 boto eskuratu ditu barrutian. Azpimarratzekoa da Iturrigorri-Peñaskal eta Uretamendi auzoetan gertatua, 2011n IU eta Berdeak alderdien batasunarekin baino boto gutxiago eskuratu dutela UdalBerrikoek 2015eko udal huateskundetan. Boto horiek nabarmen egin dute Ganemos plataformara.

UdalBerri eta Ganemosen arteko lehia 7. barrutian lehen taldeak irabazi du, 329 botoko aldearekin. Ganemos gailendu zaio Errekalden –gutxigatik–, Iturrigorri-Peñaskalen, Larraskitun eta Uretamenin. Deigarriak dira Errekalden Ganemosek eskuratu dituen 645 botoak.

 

* EH Bilduk helarazitako datuak, Bilboko hautes-mahaietan jasotako akten araberakoak, eta Espainiako gobernuak argitaratutako datuekin alderatutakoak.