Orain arteko epaiketa "gogorrenaren" atarian, 'Ni ere egon nintzen eta egongo gara' izeneko kanpaina abiarazi zuten joan den uztailean Errekaldeko Kukutza gaztetxearen lagunek. Kanpainaren baitan, irailaren 12an, epaiketaren aurreko larunbatean, mobilizazio "handi bat" iragarri dute. "Solidarioekiko elkartasunean asko garela demostratzeko" hitzordua izango da. "Kukutzak eragindako sentimenduak bizirik dirauela" adierazteko parada.
"Egon ginen eta egongo gara. Kukutza defendatzeagatik zigorrik ez" mezua zabaltzeko 18:00etan Jesusen Bihotza plazan elkartzeko dei egin dute. Bertatik abiatuko da manifestazioa. Musikatua izango da protestaldia. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Zea Mays taldeak eta Akerjenbe Sound Sistemak. Bilboko kale nagusiak banderola laranjekin betetzea da antolatzaileen erronka.
Kontzentrazioak
Behin-behinean, bi egun iraungo duen epaiketako saioak irailaren 14 eta 16an izango dira. Bi egun horietan kontzentrazioak deitu ditu Kukutzarekin elkartasun taldeak 09:15ean epaitegi aurrean.
[2015-07-02] Kukutzaren aldeko "beste elkartasun olatu bat" piztera dei egin dute