OihuK gaztetxea edozein unetan hutsaraz dezakete

uriola.eus 2015ko urr. 19a, 12:10

Argazkia: @OihuKbilbo

Bilboko epaitegiaren aginduz joan den uztailean Entrecanales medikuaren kalean okupatutako eraikina atzo, hilak 18, utzi behar zuten. Epea pasata, edozein unetan joan daiteke Ertzaintza eraikina hustera eta ixtera. OihuK gaztetxeko kideek espazioa defendatzera deitu dute.

Emakume lesbiana, transexual eta feministen topagunea sortzeko xedez okupatu zuten Errekalden lantegi zahar bat joan den uztailean. "Inolako zapalkuntzan oinarrituko ez den topagunea" sortzeko helburuarekin jarri zuten martxan OihuK gaztetxea, eta, auzolanaren bidez, espazioa txukundu eta hainbat ekintza antolatu dituzte harrezkero. Okupatu zutenetik dago hutsarazte arriskuan. Irailean argia eta ura moztu bazieten ere, "erresistentzian bizitzen jarraitzeko prest" agertu ziren OihuK gaztetxeko kideak. "Defendatu maite duzun hori" eta "OihuK arriskuan" mezuak zabaldu dituzte etenik gabe sare sozialen bitartez.

 

OihuK, borroka feminista garatzeko

"Pentsamendu kolektiboa ardatz, borroka eta bizi espazio ez partriarkala" sortzen ari dira bertan, eta, dituzten behar eta desirei erantzunez, espazioa emakumeentzat soilik izatea erabaki dute. “Bilbon ez dago borroka feminista garatzeko espazio autogestionatu eta autonomorik”, diote.

Sare feminista ehuntzeaz gain, zaintza eta babesa berreraiki eta emakumeentzat segurtasun espazio bat sortu nahi dute: “Etxe hau, bertako pertsonak subjektu politiko bilakatzeko espazioa izateaz gain, auzoko eta inguruetako emakumeak feminismoaren bueltan biltzeko tresna izatea nahi dugu”.

 

@OihuKbilbo

[2015-07-09] Errekaldeko OihuK emakumeen gaztetxea hutsarazteko arriskuan dago

[2015-07-09] Abentura feminista berri eta aintzindaria

[2015-07-08] Klitto: “Feminismoa sortu eta hedatu nahi dugu”

[2015-07-08] Errekalden lokal bat okupatu eta borroka feministarako emakumeen espazioa sortu dute

#OkupazioFeminista #Errekalde #Bilbo #Emakumetxea #Autogestioa #FeminismotikEraikiz#EzMistoa #KapitalismoaAkat