Bost urte hauek "gezurrez" eta "bortxakeriaz" betetakoak izan dira Errekalde Berriz auzo elkartearen aburuz. Horregatik garrantzitsu jotzen du duela bost urte "auzoak bizitakoa" oroitzea. Elkarteak gaur, irailak 23 ostirala, 21:00etan ipini du hitzordua Errekaldeko plazan.
Kukutza hustu eta eraitsi zutenetik bost urte pasa dira eta egun, eraikina zegoen orubeak hutsik dirau. Errekaldeko auzo elkarteak, bertan, babes ofizialeko etxebizitzak egitea eskatuko dio Udalari irailaren 29ko Bilboko Udalbatzarreko Osoko Bilkuran.
Izan ere, urtebete pasa da orubearen jabe den Cabisa enpresak 40 etxebizitza eraikitzeko zuen epemugatik, Udalarekin sinatu zuen hitzarmenaren arabera. Cabisak hitzarmena hausterakoan, orubearen jabea indarrez ordezka dezake Udalak lursailaren tasazio-balioa erdira murriztuz. Hau da, orubearen salmenta merkatuko preziotik behera aterako litzateke enkantera eta, auzotarren arabera, Udalak babes ofizialeko etxebizitzen sustapena abian jartzeko aukera izango luke.
Irailaren 29ko Udalbatzarrean ezagutuko da Udal Gobernuaren iritzia.