Igande gauean, urruntze-agindua apurtzea eta bikotekide ohia jotzea eta aizto batekin mehatxatzea leporatzen dio Ertzaintzak 32 urteko gizonari. 23:44ak aldera, jaso zuen Ertzaintzak eraso horren berri.
Bikotekide ohiaren etxean sartu, eta emakumea iraindu ondoren, iletik hartu eta aurpegian ukabilkada eman zion gizonak. Jarraian, sukaldean sartu zen, eta, aizto bat eskuan zuela, bikotekide ohiari mehatxu egin zion. Ertzainen patruila batek ospitalera eraman zuen emakumezkoa, gizonak egindako zauriak sendatzeko. Gauean bertan atxilotu zuen Ertzaintzak gizona.
Eraso hau salatzeko Errekaldeko emakumeen elkarteak elkarretaratzea antolatu du gaur, asteazkena, 19:30ean, auzoko plazan.
Errekaldekoa ez zen emakumeenganako eraso bakarra izan. Abandon emakume bat erasotu zuen bere bikoteak igande goizean. Ertzaintzak erasotzailea atxilotu zuen.
Adierazpen instituzionala
Bilboko Udalak, talde politiko denek babestutako akordio instituzional baten bitartez, igandean Errekalden eta Abandon gertatutako eraso matxistak "irmotasun osoz gaitzetsi" ditu. Eraso horiek errefusatzeko ekintzetan parte hartuko du Udalak, eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu, "arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz".
[2017-06-05] Emakumeen aurkako bi eraso izan dira asteburuan Bilbon