Gaur hasiko dira FEVE lurperatu osteko urbanizazio lanak Iralan

uriola.eus 2017ko uzt. 18a, 11:03

Gordoniz zubiaren eta Eskurtze plazaren arteko espazioa atontzen hasiko dira. 35.000 metro karratuko eremua da eta urigunea eta Irala lotuta geratuko lirateke Sabino Aranatik eta Errekaldetik joanda. Proiektua gauzatzeko 10 hilabeteko epea dago eta aurrekontua 4,4 milioikoa izango da.

Bilboko Udala gaur hasiko da FEVEren errailak lurpetik bideratu ondoren Gordoniz zubiaren eta Eskurtze plazaren artean geratu den espazioa atontzen. Horrela, Casilda Iturrizar-Eskurtze ardatzak beste urrats bat eman du urbanizazio-proiektu honekin. Aurrekontua 4,4 milioikoa da eta obrak gauzatzeko epea, 10 hilabetekoa. Jarduketa horrek jarraipena emango dio Sabino Arana etorbidearen eta Basurtu eta Errekalde artean erreiak lurperatzearen ondorioz geratu den eremuaren urbanizazio integralari. Hiru jarduketak batuta, guztira, ia 100.000 metro karratuko espazioa izango da eta inbertsioa, 14 milioi euro ingurukoa. Horrela, Bilboko Udalak aurrera egiten du Auzoetako Bihotzak programarekin, uriko merkataritza, ekonomia, gizarte eta kultura jarduerak sustatzeko asmoz.

Casilda Iturrizar-Eskurtze ardatza amaitzeko azken aurreko urratsa izango da honako hau. Uriaren erdigunea 45.000 biztanle bizi diren Basurtu, Errekalde eta Irala auzoekin lotzeko proiektu estrategikoaren barruan dago. Azken fasea Montevideo etorbidea-Basurtu-Kastrexana errepidea-Basurtuko Ospitalearen inguruak eraberritzea izango da, 2017an hasiko direna gauzatzen.

Beste alde batetik, gaur onartu den proiektuak 35.000 metro karratuko eremua hartzen du, espazio publikorako berreskuratuko dena; aldi berean, urigunea eta Irala lotuta geratuko dira Sabino Arana eta Errekaldetik joanda. Luzetarako tartea da, amaieran bidegurutze bi dituena. Bat, trenbideko plataforma zaharra amaitzen den tuneleraino doana eta bestea, Eskurtze plazaraino; proiektuan plaza bera ere eraberrituko da.

Urbanizazioaren nondik norakoak

Gordonizko zubitik Iralaraino FEVEren errailak lurpetik bideratuta geratu den eremua urbanizatzeko proiektuak baditu berezitasun batzuk, arreta berezia behar izan dutenak. 35.000 metro karratuko eremua da, luzetara 700 metro eta zabaletara 40 metro hartzen dituena, eta zuzeneko eragina 7.000 pertsonengan izango du, euren etxeetako leihoek edo bizi diren eraikinek zuzenean ematen dutelako proiektuaren aldera. Trenbidearen errailen estalkiak baldintzatutako eremua da, horrek kaleak maila desberdinetan egotea ekarri duelako: goiko mailan Diaz Emparanza kalea dago eta beherago, Jaen kalea. Urbanizazio-proiektuan aurreikusi da desnibel hori berdintzea parterreak jarriz, espaloiak gutxienez 3 metrora arte zabaltzea eta 4 egonleku eratzea ibilbidean. Hauek izango dira puntu bereziak:

Gordoniz zubiaren azpiko tartea

Alde horretako helburu nagusia da segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanekin jarraitzea, aurreko tartean legez. Zubia igaro ondoren dauden espaloiak zabalduko dira eta aparkalekuen aurrean, lehentasuna emango zaio espaloiari. Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak zubira igotzeko eskailerak konpondu eta argiak jarriko ditu, puntu iluna baita.

Diaz Emparanza kalea

Kale garrantzitsua da, trenbidea estali ondorengo plataformaren alde bietan dago. Atarietan etxebizitza asko dago, jarduera industrialarekin batera bizi direnak. Espaloiak zabalduko dira baina ahalik eta aparkaleku gehien izateko ahalegina egingo da, oinezkoen eta bertako bizilagunen joan-etorriak ziurtatzeko.

Osasun-zentrorako sarbideak eta plaza

Alde honetan behin-behineko pasabidea egon zen. Atsedenerako eta pasoko espazio nagusienetako bat da, Ametzola-Iralatik Errekaldeko osasun-zentrorako sarbideetan bertan eratu dena. Plaza bat egingo da, zuhaitzekin eta umeentzako jolasekin (450 metro karratu izango ditu eta ume txikientzako izango da).

Trenbide zaharreko plataforma eta tunela

Espazio honek maila bi ditu: maila batean bidegorria izango da, Ametzolatik Irala auzora joateko, eta bestean, pasealekua, gazteentzako rokodromo-gunearekin (goiko kaletik eta goiko etxebizitzetatik bereizten dituen horman); horrela, jarduera eta segurtasuna emango zaizkio desnibela tarteko konplexua den zonaldeari. Tarte honetatik sarrera egingo da Eskurtzeko parkera joateko, hain zuzen ere, bidearen hasieratik parkeko hasierako kirolgunera arte.

Eskurtze – ikastetxe publikoaren ingurua

Auzoko bizilagunek eskatuta, Eskurtze plaza lehengoa izango da baina irisgarritasuna hobetuta eta gaina lehengoaren aldean. Autobusen geralekua ere konponduko da. Plazan gune batzuk pergolekin estalita egongo dira.

Plazan errei bakarra geratuko da noranzko bietarako, txandaka eta aurreko aldeari 350 metro karratu gehituko zaizkio. Lan horiekin plazak asko irabaziko du.

Beste datu batzuk

Trenbideko estalkia urbanizatzeko LED argiak jarriko dira, eta 2.100 metro koadro belar eta 110 zuhaitz landatuko dira.

Proiektu honen prestaketan auzokoek parte hartu dute. Aldez aurreko bilerak egin dira Iralabarriko eta Errekaldeberriko Auzokideen Elkarteekin parte-hartzea prozesua taxutzen laguntzeko, eta gero parte-hartze handiko beste topaketa kolektibo batzuk egin dira. Guztira, 14 bilera egin dituzte eta horietako 5 bileratan 200 lagun baino gehiago bertaratu ziren. Horietan, parte-hartze bidezko prozesuaren laneko metodologia zehaztu eta adostu zuten.