Ametzolan udal-bizitokiak eraikitzeko lanak hasi dituzte

uriola.eus 2018ko aza. 6a, 08:51

Bilboko Ametzola kalean errentan emateko 66 zuzkidura-bizitegi eta ibilgailuentzako 160 aparkaleku eraikitzeko lanak ari dira gauzatzen, eta, aurreikuspenen arabera, 2020ko lehen hiruhilekoan egongo da amaituta eraikina.

Proiektuaren bi faseetako lehenarekin hasi dira, eta, orotara, 160 bizitegi eraikitzea ekarriko du. Lehen fase honetarako inbertsioa 6,95 milioi eurokoa da. Proiektu honen xedea da Bilbon udal-etxebizitzen parkea handitzea.

Zuzkidura-bizitokiak 25 metro koadrotik 60ra arteko bizitegi-baliabideak dira, instalazio eta zerbitzu erkideekikoak.Bizitegiok nahitaez txandaka erabiltzekoak dira, eta pertsona batentzat edo birentzat daude diseinatuta. Txandaka erabiliko dela bermatzearren, apartamentuak baliatzeko denbora mugatua da. Kontratuak gehienez ere 5 urterako egin behar dira, txandakatu ahal izateko.

Proiektuak badu mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat egokitutako apartamentu-eredu bat, 51 m2-ko azalerakoa; gainerako apartamentuek, berriz, 30 eta 40 m2 bitarteko azalera izango dute. Lehen fase honetan, sei apartamentu egokitu eraikiko dira.

Aurreikusitakoaren arabera, eraikin osoan (fase bietan) 11.400 m2 eraikiko dira, beheko solairuan eta 9 altueratan banatuak. 852 m2-ko espazio komunitarioa izango du; gainera, 650 m2-ko lorategi-gunea izango du. Eraikuntzak beheko solairua eta zazpi goiko solairu izango ditu. Beheko solairuan, honako hauek izango dira: ataria, hainbat erabileratako espazio komunitarioak, bizikleta-aparkalekua eta 3 bizitoki. Lehenengo solairu biek 20 bizitoki izango dituzte, eta haietako bi egokituak izango dira; hirugarren solairutik seigarrenera bitartean, 36 bizitoki izango dira, eta haietako lau egokituak izango dira; zazpigarren solairuak 7 bizitoki izango ditu.

BILBOKO UDAL ETXEBIZITZAK ERAKUNDEAREN MENDEURRENA

Bilboko Udalak 2018an ospatuko du uriko etxebizitza sozialaren kudeaketaren ehun urteko historia. Gaur egun, Etxebizitza Sailari atxikita dago Bilboko Udal Etxebizitzak tokiko erakunde autonomoa; bera arduratzen da kudeaketa horretaz.

Bilboko etxebizitza sozialaren ehun urte horietan, 25.000 familia inguru izan dira udal-jabetzako etxe baten erabiltzaile, alokairuan. Bilbotarren bost belaunaldik garatu dute beren bizitzako proiektua uriko Udalak kudeatutako pisu sozialetan. Bilboko udal-etxebizitzen multzoa Estatuko zaharrena da, eta Estatuan biztanleko etxebizitza sozial gehien daukan udalerria da. Bilbok alokairu sozialeko 4.100 udal-etxebizitza baino gehiago ditu; hau da, 83 biztanleko, bat.