Joan den astean Errekaldeberri BHIko ikasle, irakasle eta gurasoen artean ziurgabetasun egoera erabatekoa bazen ere, aste honetan iritsi da berri ona. Hezkuntza Sailak onartu du 2022-2023 ikasturtean orain arteko bi batxilergoak mantentzea. Egindako borrokaren emaitza denez, pozik azaldu dira Guraso Elkarteko kideak zein Ikasle Abertzaleak taldekoak, hau da, irakasleen eta auzoko hainbat talderekin batera mobilizazioen bultzatzaile izan direnek. Datozen ikasturteetan ere hala izatea nahi dutenez, urria-azaroa bitartean irekiko den alegazioetarako epea probestuko dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean beren posizioa defendatzeko.
Arazo sakonagoa atzean
Edonola ere, Guraso Elkarteko Miguel Gómezek azaldu duen bezala, erdietsi berri dutena “epe laburreko helburua” da, baina epe ertain-luzerako lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du. Egoera honek hezkuntza komunitatea batu eta formalki jarduten hastea ekarri du. Hala, batxilergo eskaintza defendatzearena premiazko kontua izan da, baina Errekaldeko barruti osoan kalitatezko hezkuntza publikoa bultzatzeko erronka jarri diete orain euren buruei. Izan ere, Gómezek uste du instituzioen azkenaldiko mugimenduotan sumatu duten joera auzorik apalenetan hezkuntza eskaintza murriztu eta kalitatea jaistea dela, jendeak pixkanaka uko egin diezaion ikasketak horietan jarraitzeari, publiko ez diren zentroen mesedetan. Apirilean egin zuten prentsaurrekoan, hain zuzen, “herritarren bereizketa sozioekonomiko eta kulturalerako politika” gisa izendatu zuten.
Errekaldeberri BHI-ko Ikasle Abertzaleak taldeak ere sakoneko arazoa ikusten du beren institutuan gertatutakoaren atzean: “Horrelako neurriak [Errekaldeberrin batxilergoa kentzekoa], isolatuak izatetik urrun, hezkuntza erreforma prozesuaren emaitza dira. Langile klasearen ikasteko eskubidearen murrizketa prozesuan kokatu behar ditugu". Bada, ikasleek borroka egiten eta antolatzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute: "Lege erreforma ezberdinek ekarriko dituzten aldaketen aurrean antolatzeko unea da, borroka konkretuen bitartez, hezkuntza sistema kapitalistaren izaera eta joerak azaleratu eta hezkuntza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsalaren beharra aldarrikatzeko".