Urkila hustu izana gaitzetsi dute

uriola.eus 2022ko uzt. 7a, 09:31
Atzo arratsaldean egin zuten kontzentrazioa (Argazkia: Kontseilu Sozialista)

Atzo goizean Ertzaintzak Errekaldeko Zentro Sozialista desalojatu izana salatzeko elkarretaratzea deitu zuten arratsalderako, eta ehunka pertsona batu ziren Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean. Bilboko Kontseilu Sozialistaren arabera, "argi gelditu da, beste behin ere, aparatu judizial eta errepresibo oso bat duela klase jabedunak bere interes pribatuak babesteko". 

Bilboko Kontseilu Sozialistak "gogor" salatu du atzo goizean gertatutakoa. Izan ere, nabarmendu dute inolako abisurik edo azalpenik gabe jardun zutela ertzainek; beraz, modu irregularrean egindako desalojoa dela nabarmendu dute. 

"Burgesiak eskura dituen bitarteko guztiak baliatzen ditu langileriaren antolakuntza independentea deuseztatzeko", diote gaiaren harira idatzitako komunikatuan. BBK-k agindu zuen atzoko desalojoa, eta poliziaren bitartez gauzatu zuen. Hala, honakoa adierazi nahi izan dute: Enpresari handien, bankarien eta haien mendeko alderdi politiko instituzionalen estrategia argia da: langile klaseari gerrikoa gero eta gehiago estutzea, eta aldi berean, ofentsiba honen aurka antolatzen diren sektoreak jazartzea".

Gertatutako guztiaren aurrean, jardun politikoa aurrera eramateko espazio fisikoen beharra nabarmendu dute, eta atzokoa bezalako erasoei aurre egin eta proletalgoaren eskubide politikoak bermatze aldera, ezinbestekotzat jo dute jendarte sozialistaren alde gero eta jende gehiago antolatzea.