Bilbo XV. mendean

Erabiltzailearen aurpegia Gloria Diez 2017ko aza. 24a, 08:24

1442. urtean nolakoa zen Bilbo

Aurreko sarreran, Botxoaren lehenengo pausoak ikusi genituen. XV. mendean Bilbok, lehenengo pauso horiek aintzat hartuz, bere bidea egiten jarraitu zuen. Sare komertzialetan gero eta garrantzia handiagoa jasoz, estilo gotikoa guztiz ezartzen da hirian.

XV. mendearen bigarren zati horretan, jada, Zazpi Kaleak erabat eraikita zeuden. Goienkale, Artekale, Dendarikale, Belostikale, Harategi Zahar, Barrenkale eta Barrenkale Barrena dira gaur egungo kale horien izenak. Goienkale kalean ostatuak eta tabernak nagusi ziren. Artekale garrantzitsuena zen, zubia eta Erriberako plaza Zamudioko portalearekin lotzen zuelako. Horrez gain, dendak eta tailerrak bertan aurkitu zitezkeen. Dendarikalea, eliza dela eta, bere hasieran Santiago kalea deitu omen zen.

Bere izenak adierazten duenez, bertako jarduera nagusia arropa dendak izan ziren, baita zeta-dendak ere. Belostikaleari, arrandegi ere deitzen zioten, Erriberako merkatuarekiko hurbiltasunagatik. Harategi Zaharrak hiribilduaren lehenengo hiltegiari zor dio izena. Zahar abizena hiltegia lekuz aldatu zutenean gehitu zioten. Barrenkalen, berriz, upelgileak egoten ziren. Beste produktuen salmentak ere biltzen ziren han, baita zamaketariak ere. Kale honen aurrean, San Frantziskora gurutzatzeko ontzia kokatzen zen. Bukatzeko, Barrenkale Barrenak Zazpi Kaleak ixten ditu. Hori zen epe horretan Bilbok zeukan mapa.

Kantoiek kaleen arteko komunikazioa erraztu ez ezik, saneamendurako funtzio garrantzitsua betetzen zuten. Hau ulertzeko, etxadi eta orubeen eskema garbia izan behar dugu. Hirigintza planari jarraitzen badiogu, etxadiak nahiko errektangularrak direla ikus dezakegu. Hauek, orube estu eta zaharretan banatu ziren, eta bitan erdian argi-zorra uzten. Eraikinen fatxada nagusiak kalera ematen du, besteak, berriz, zorrara. Biztanleek ur zikinak argi-zorrara botatzen zituzten. Hauek kantoietara jotzen zuten, gero kaleetara, eta azkenik itsasadarrean bukatzen zuten. Alde Zaharretik paseatzen duzun hurrengoan, jarri arreta kantoien maldan eta nola haren punturik altuena zorra den.

Kaleen traza gaur egun arte mantendu arren, kontuan izan behar dugu, XV. mendean, zabalera estuagoa zela. Eraikuntzak bi edo hiru altuerakoak ziren eta. Tailerrak eta dendak behe solairuan kokatzen ziren eta etxebizitza haren gainean, goiko solairuan. Gehien erabilitako materiala egurra zenez, suteak egoteko nahiko arrisku izaten zuten. Hori ekiditzeko, adreilu eta harriarekin ere eraiki ziren. Beste neurri batzuk ere hartu zituzten, esate baterako, egurrezko egitura estaltzea buztinaz, lurrez edota igeltsuz. Bilboko Erdi-Aroko etxe bat 'zutik' ikusteko aukera bakarra Bilbo Zaharrean daukagu.

Hala ere, suteen kontra jarduteko harria da onena. Garestia izanez, boterea eta aberastasuna adierazten zuen. Beraz, leinu zaharrekoek eta merkatari boteretsuek beraien etxeak harriz eraiki zituzten. Dorretxe hauek kale amaieran batez ere kokatzen ziren, harresiarekin topa eginez, hor sortutako sarrerak kontrolatzeko. Denborarekin kale barruan ere eraiki ziren. Hurrengo mendeetan izaera militarra galduko dute hiri-jauregietan berreraikitzen. Agian, famatuena Zubialdekoa izan zen, baina Legizamon familiarenak ere bere garrantzia izan zuen.

Goienkale hasieran aurkitzen zen, Ibeni portaletik gertu, eta San Anton elizarekin konektatzen omen zuen pasadizo bat zeukan. Leinu arteko lehia ohikoa zen. Izan ere, Erdi Aroan zehar Euskal Herriak leinu gerrak, edo bando gerrak, pairatu zituen. Bi bando zeuden: Ganboatarrak eta Oinaztarrak. Bilbon, Legizamon Ganboatarra zegoen eta Zurbaran, ordea, Oinaztarra zen. Hori dela eta, 1435. urtera arte udalbatzak bi alkate izan zituen, bando bakoitzeko bana. 1483an Gaztelako Elisabet I.a Bilbora etorri zen foruak zin egitera. Gaztelako erregeek foruak zin egin behar zituzten Bilboko ateetan, besteak beste. Liskar hauekin bukatzeko, Chinchillaren ordenantzak argitaratu zituen, non hiribilduetako eta lur laueko herrien gobernua bereizi egiten zen, gatazka berriak sortzen.

Aipatutakoaz gain, mende honek eraikin berriak ekarri zituen, esaterako, Joan Santuen ospitalea Ibenin (gaur Atxuri dena), Bilboko lehenengo ospitala. Batez ere, Santiago bidearen erromesez arduratzen zen. Beste obra garrantzitsu bat zubiaren berreraikuntza izan zen. 1473an zurezkoa izatetik, harrizkoa izatera pasa zen. Zubi honek bi arku zituen, eta bertan 'enputzumenduak' ospatzen ziren, hau da, kondenatuei harri bat lepoan lotu eta zubitik behera botatzen zituzten. Dena dela, arima salbatzeko, eta sute baten ondorioz Donejakue ermita guztiz berreraiki ostean, handitu eta eliza bihurtu zuten. Biztanleriaren handiagotzeak eliza berri bat sortarazi zuen, San Anton. Alkazar gainean zutitu zelako, gaztelu zaharraren izena hartu omen zuen. Hau txikia geratu zenez, 1478an zimenduetatik berregin zen, gaur egun ezagutzen dugun eliza sortuz.

Laburbilduz, XV. mendean Zazpi Kaleetako Bilbo erabat osatuta zegoen. Dena dela, hiribilduak oraindik asko handitu behar du. Pentsa dezagun, 1483an Isabel erreginari baimena eskatu ziotela harresia botatzeko, haren mugatik kanpo zabaltzeko asmoarekin. Ikusiko dugunez, hurrengo mendeak gorabehera asko ekarriko ditu Bilbora, baina horiek beste mende batzutako kontuak dira.

 

Irudi eta argazkiak: Juan E. Delmasen grabatua, 1881ean argitaratua. Ez da guztiz zuzena: urte horretarako San Anton eliza jada eraikita zegoen. Eta Google Maps.

 

[2017-10-23] Bilbo XV. mendean