Athletic

Athletic-Malaga, hirugarren eta behin betiko txanda

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2015ko urt. 29a, 18:03
Argazkia: www.athletic-club.net

Athleticek Kopako final-laurdenetako itzuliko partida Malagaren aurka jokatuko du San Mamesen gaueko 22:00etan. La Rosaledan hutsean bukatu zuten joaneko partida, beraz, gaur irabaztera behartuta daude zuri-gorriak.

Joandako denboraldien artean, partida guztien gainetik, beti egoten da bat erraz burura datorkiguna, egun horretan berezitasunik gabekoa izan arren, gerora, zer dakarren jakinda, abiapuntutzat hartzen duguna. Partida horiek talde baten dinamika guztiz aldatzeko gai izaten dira, onerako nahiz txarrerako, jarduera baten hasiera markatzen dutelako. Horren bila dabilela aitortu da Valverde azken egunetan, eta Kopako partida hau bilatzen duen hori bihur daiteke.

Izan ere, Atheticek Malagaren aurkako norgehiagokak besteak baino hobeto jokatu ditu, aurrerapen eskasarekin, baina aurrerapausoak emanez. Hori bai, nahiz eta ondo aritu, ezin izan du Malaga menpean hartu, ez La Rosaledan, ezta San Mamesen ere. Baina gaurkoa da garrantzia gehien duena, behin betikoa, irabaziz gero finalaurrekorako txartela eskuratzeko balio duena. Eta gaur Malaga kaleratzeko gai badira, Athleticen joera txarra ere gaindituko dute.

Ligako emaitzek ez dute inolako zerikusirik hemen, eta partida bakarrean edozer gerta daiteke, hau futbola da. Baina, horretarako, zaleen grina beharrezkoa izango da. San Mameseko harmailak taldea bezain triste eta ilun azaldu dira azkenengo partidetan. Gure zelaian jokatutako azken lau partidetan ez du garaipenik lortu, eta taldeak suspertzeko bere zaleen babesa behar du. Gaur San Mamesek beti izan duen giroa berreskuratu behar du, Kopa, gaua eta euria, ezin da gehiago eskatu.

Valverdek, betiko lez, aldaketak egingo dituela iragarri zuen prentsa aretoan, baina ez zuen pista handirik eman. Iago atera itzuliko da, Kopako atezaina bihurtu da, eta partida guztiak berak jokatuko omen ditu. Muniain, ezker hegalera itzul daiteke, Ibairen ordez, ezin izango duelako igandean Levanteren kontra jokatu. Horrez gain, ezer gutxi, eta hamaikakoak irteten diren arte itxaron beharko dugu. 

Malagak ere, bere aldetik, aldaketak egingo ditu. Javi Guerra, nahiz eta San Mamesen eskuratu zuten gola berak sartu, aulkian geldi daiteke. Juanmi eta Amrabat izan daitezke aurrelariak, bizkorrak eta mugikortasun askokoak, Athleticen defentsari min gehien sortzen diotenak. Andaluziarrek ez dute inoiz Kopako finalaurrekorik jokatu, eta ez dute berebiziko aukera hau galdu nahi. Beraz, gogotsu arituko dira gaurkoan, ligako lanak erdi eginda dituzte, eta beraien indar guztiak berdegunean jarriko dituzte.

Valverderen deiaidian ez dago aldaketa askorik, Viguera eta Aketxe etxean geldituko dira partida honetan, eta beraien ordez, Txingurrik, Aurtenetxe eta Muniain deitu ditu: Iraizoz, Laporte, San Jose, Beñat, Iturraspe, De Marcos, Ibai, Iago Herrerin, Susaeta, Iraola, X.Etxeita, Mikel Rico, Gurpegi, Aduriz, Muniain, Aurtenetxe, Balenziaga, Unai Lopez eta Williams sartu dira deialdian.