Tomas del Hierro Segurtasun zinegotziak barkamena eskatu du, “akatsa” izan dela gaineratuz. Zehazki, Bailen kaletik eta Erriberako eta San Anton zubietatik Bilboko San Frantzisko auzora helduko diren motxiladun gizon magrebtar guztiak identifikatzea eskatzen zuen aginduak.
Dokumentua zirriborro bat dela azaldu du Bilboko Udaltzaingoak, eta balizko delitugileen jatorriari buruzko erreferentziak agiritik kentzea erabaki dela esan du. EH Bilduk eskatuta, astelehenean emango ditu azalpenak Segurtasun zinegotziak.
EH Bilduk gogor salatu zuen mandatua. Izaskun Guarrotxena zinegotziaren esanetan, Giza Eskubideen aurkakoa da, pertsona talde oso bat “kriminalizatzeko” ideia. Ongi Etorri Errefuxiatuak mugimenduak bat egin zuen salaketarekin, David Gutierrez mugimenduko kidearen arabera “errugabetasun presuntzioaren aurkako erabakia” delako. Erne Ertzaintzaren sindikatuak ere salaketa jarri zuen EAEko Fiskaltza Nagusiaren aurrean.