Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia preso bilbotarrak Lannemezango espetxera hurbildu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko api. 6a, 12:51

Bilbon sakabanaketa politikaren aurka egindako manifestazio jendetsuenetako bat

Agirregabiria Fresnesen zegoen preso, 930 kilometrora, eta Garitagoitia Poissyko espetxean, 950 kilometrora. Etxerat ekarteak jakinarazi duenez, biak lekualdatu dituzte Lannemezango espetxera.

Nerín jendarmearen hilketaren auzian espetxeratu zituzten biak. Hilketaren ostean, ETAk doluminak eman zizkion jendarmearen familiari, “nahi gabe” hil zutela esanez.

Frantziako Estatuak bigarrenez hartu du euskal presoak etxera hurbiltzeko erabakia, baina Euskal Herrira ekarri gabe. Otsailaren 27an Zigor Garro eta Julen Mendizabal Mont-de-Marsango espetxera gerturatu zituzten, etxetik 150 kilometrora. Garro preso oreretarra Saint Maurreko espetxean zegoen, etxetik 680 kilometrotara, eta Mendizabal arrasatearra 927 kilometrotara dagoen Osnyko espetxean.