Sare: "Jada ez da exijitzeko urratsik geratzen, espetxe politika aldatzeko unea da"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko mai. 8a, 12:30

Bego Atxa eta Joseba Azkarraga Sare dinamikako bozeramaileak (Argazkia: Sare)

“Elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko preso eta errefuxiatuen eskubide urraketaren aferak ardura kolektiboa izatera igaro behar du, ezinezkoa baita mendekuzkoak eta injustuak diren oinarrien baitan adiskidetutako jendarte bat eraikitzea”, adierazi du Sarek ETAren desegitearen ostean emandako prentsaurrekoan, Bilbon.

Astearte goizean Sare Herritarrak prentsa agerraldia egin du Bilboko La Bolsa eraikinean ETAren disoluzioaren osteko bere irakurketa egin eta aurrera begirako ikuspegia elkarbanatzeko. Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek “2018ko maiatzaren 4ean ETAk bere azken erabakia” hartu duela eta “desmobilizatu egin” dela ziurtatu dute, gaineratuz, “ETAko militante izan direnak, aske izan ala preso, gaur gaurkoz jada ez dira

ETAko kide, baita ondorio penalei dagokionean ere, jada ezin baitute existitzen ez den zerbaiten parte izan”. Bozeramaileek ideia hau argi utzi nahi izan dute, izan ere, haien ustetan “bada oraindik talde armatu baten existentziaz mintzo denik, gero eta zabalagoa den euskal jendartearen eskariei muzin egin asmoz, zeinak presoek bizi duten eskubide urraketarekin amaitu beharra dagoela eta elkarbizitzan bizitzeko prest dagoela aldarrikatzen du”.

Azkarraga eta Atxak ETA existitu den 60 urte hauetan “urteetako indarkeriaren oinazea eta mina” geratzen direla gogorarazi dute, hainbat eta hainbat “biktima eragin izanaren ardura bere gain hartuaz” apirilaren 8ko komunikatuan, adieraziz “indarkeriak ez zuela sekula existitu behar izan”. Horrez gain, gehitu dute, biktima hauei beste indarkerietako biktimak ere gehitu behar zaizkiela eta hauei ere “besteei zor diegun elkartasun eta errespetu bera” zor zaiela.

Ondorengoa adierazi dute prentsaurrekoan, bi puntutan laburtuta:

Lehenik, elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko preso eta errefuxiatuen eskubide urraketaren aferak ardura kolektiboa izatera igaro behar du, ezinezkoa baita mendekuzkoak eta injustuak diren oinarrien baitan adiskidetutako jendarte bat eraikitzea, ezta zauriak eta hamarkadetako indarkeriak utzitako ondorioak sendatu gabe ere. Eta horregatik ere, gure instituzioei lehentasunezko gai gisa kokatzeko eta ardura bere gain ere hartzeko exijitzeko unea da.

Bigarrenik, Estatu espainiarrari erreferentzia zuzena eginez, aurrera urratsik ez eman eta euskal presoen giza eskubideen errespetuari muzin  egiteko aitzakien amaiera. Estatuak urteak daramatza ematen den urrats bakoitzeko exijentzia berri bat mahai gainean jarriz bere lege propioa dena ez betetzeko -presoen gerturatzea, larriki gaixo diren edo nagusiak diren presoen kaleratzea, graduen aplikazioa, kasu injustuen berrikustea...-. Jada ez da exijitzeko urratsik geratzen, espetxe politikan urratsak emateko unea da. ETAk bere jarduna amaitutzat emandu, jada amaitu dira aitzakiak, aurrerantzean urratsik eman ezean mendekua eta min injustua sortzen jarraitzeko grina baino ez dira geratzen, bereziki senideek, inolako errurik ez duten horiek, jasaten duten min injustu bat.

Sarek nabarmendu nahi izan du gizarte zibilaren rola egoera politiko hau lortzeko. "Bultzada hau gabe, ziurrenik, amaiera hau ez litzateke sekula gauzatuko, edota behinik behin, asko luzatuko litzateke".

Azkarraga eta Atxak gogorarazi dute 2011ko urriaren 20ko erabakia, besteak beste, gizarte zibileko hainbat eragileren  aurretiazko lanaren ostean eman zela, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen babesarekin. 2017Ko apirilaren 8ko armagabetzea ostera “berau egingarri bilakatu zuen artikulatutako gizarte zibil baten arrakasta irudikatu zuen, kasu honetan Iparraldean”.

“Sarek, agerraldi honetan, pasaden maiatzaren 4tik garai berri bat bizitzen hasi garela azpimarratu nahi du. Zentzu honetan, hamarkadetako sufrimenduarekin amaitzeko eta koponbidean, adiskidetzean eta elkarbizitzan aurrera egiteko sortu den aukera paregabe hau galtzen ez uzteko gonbita luzatu nahi diogu, beste behin ere, gizarte zibilari eta euskal zein espainiar instituzioei”.

Sareko bozeramaileek adierazi dutenez “belaunaldi berri honek guk gure nagusiengandik jaso genuena baino jendarte hobe bat merezi dute. Eta horregatik, gizarte zibila da  instituzio, alderdi eta sindikatuekin batera, arduraz eta prespektibaz jokatu behar duena. Garai berri honetan ezin da inor bazterrean geratu”.