Mikel Novalek eta Xabier Zabalak, ELAren arlo sozialeko arduradunak eta ikerketa bulegoko kideak, hurrenez, hurren, aurkeztu dute Bilbon alokairuaren inguruko txostena. Honen arabera, demografikoki gazte kopurua murriztu izan den arren, alokairuaren prezioak gora egin du etengabe.
2018ko lehen hiruhilabetean alokairuzko etxebizitza baten prezioa 952 eurokoa izan da; Gipuzkoan zein Bizkaian bere maximo historikoetara gerturatzen ari dira. Donostian aspaldian gainditu da muga hau, eta, hilean, bataz beste, 1.057 euro ordaintzen da.
Babes sozialeko alokairuari dagokionez, azken 10 urteotan gorakada %70koa izan da. Gorakada honek beharrizan handiena duten familien eta pertsonen egoera erabat kaltetzen duela nabarmendu du Novalek.
ELAko arlo sozialeko arduradunak gogoratu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkeztu duen Legegintzako Herri Ekimenak (LHE) etxebizitza duina izateko eskubidea gauzatzeko hainbat neurri zehatz jasotzen dituela.