Bosgarren greba deialdia izanagatik ere –joan den ikasturtean beste hiru greba egun egin ziren–, asteartean bezala asteazkenean eragin handia izan du Kristau Eskola eta IZEA Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako itundutako ikastetxeetako lanuzteak.
Denera 250 ikastetxe eta 9.000 langiletik gora biltzen ditu sektoreak, eta 120.000 ikasle daude matrikulatuta eskola horietan. Zenbait kasutan grebaren jarraipena %80koa izan dela ziurtatu dute sindikatuek. Aldiz, Kristau Eskolako patronalak dio soilik langileen %34 ez dela joan lanera.
LAB, ELA eta Steilasek kaleratutako ohar bateratuan euren balorazioa egin dute: “Langileek bost greba egun hauei emandako babes zabalak, argi erakusten digu patronalek sektoreko aldarrikapenei erantzuten dioten edukiak mahai gainean jarri ezean mobilizazio eta greba dinamika gogortzeko prest daudela”.
Hamar urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe eta %10eko galera jasan dute soldatetan ondorioz. Horrez gain, langile guztien lanaldia erregulatzea eta prekarizatuen eta feminizatuen dauden langile-kidegoen baldintzak hobetzea ere eskatzen dute, besteak beste.
CCOO eta UGT sindikatuek ere babestu dute greba. Azkeneko honek gogorarazi du Krsitau Eskolarekin 35 bilera egin direla baina “patronalak proposamen seriorik aurkeztu gabe jarraitzen du”. Hala, azaroaren 27tik 30era berriz ere grebara joateko tenorean dira, “lan duintasuna itzuliko digun hitzarmen berria” lortu arte.