“Egoera benetan kafkiarra da”, esplikatu du Arkaitz Zarragak. Mozal Legea aplikatuz Bilboko Udaletik 900 euro eskatzen dizkiote, udaltzain bati euskaraz hitz egiteko eskubidea zeukala esateagatik. Bi isun jarri dizkiote, 600 eurokoa bat, bere burua ez zuela identifikatu esanez; eta 300 eurokoa bestea, udaltzain bat iraintzea leporatuta.
Isunetako bakar bat ez dago justifikatuta Zarragaren ustez. Biak gezurretan oinarritzen direla dio eta gertatzen ari dena ezin sinetsita dago: “Nik ez nion irainik esan eta nire burua identifikatu nuen gidabaimenarekin”, esplikatu dio ARGIAri.
Aurtengo udako gertakaria zela-eta Zarragak idatziz kexa helarazi zion Bilboko Udalari. Osoko bilkura batean Juan Mari Aburto alkateak gezurretan aritzea leporatu zion eta, biharamunean, idatziz erantzun zion udalak, gaia hizkuntza-eskubideen alorretik desbideratuz. Identifikatzeko eskatu zion agentea emakumezkoa zela nabarmendu zuen udalak, Zarragak jarrera matxista izan zuela iradokiz.
“Oso mingarria” egin zaio hori euskaltzale honi: joan den abuztutik gaiarekin bueltaka aritzeak eragiten dion nekea esplikatu du, eta nabarmendu du udalak orain arte berarekin izan duen komunikatzeko modua erasokorragoa izan dela administrazioak erabili ohi duen hizkera baino.
Honakoa irakur daiteke, adibidez, urrian udalak bere kexari erantzunez eman zion erantzunean: “Aztertzen ari garen kasu honetan bigarren mailan gelditu behar da hizkuntzaren gaia, egiaz beste zerbait delako garrantzitsuena: zure jokaera tamalgarria (…) agentearekin izan zenuen jokaerak argi erakusten du zenbaterainoko gizalegea duzun eta zein den herritar gisa duzun erantzukizuna”.
Isunaren aurrean zer egingo duen galdetuta, Zarragak adierazi du lehenbizi kolpea asimilatu behar duela, baina isuna errekurritzeko asmoa daukala. Bai pribatuan, bai sare sozialetan eustera eta segitzera animatzen duten mezuak jasotzen ari dela dio, eta Hau Pittu Hau konpartsaren babesa ere uneoro izan duela.
Bere kasutik abiatuta, administrazioak euskararekin daukan jarrerari buruzko gogoeta orokorragoa ere egin du: “Euskaraldia eta antzeko ekimenak oso ondo daude hizkuntzaren erabilera sustatzeko, baina administrazioaren egitekoa beste bat da, hizkuntza eskubideak bermatzea dagokio. Administrazioa ezin da Belarriprest izan, Ahobizi izan behar du”.