Datozen bi urteetan, gutxienez zazpi hotel irekiko dituzte Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2019ko urt. 21a, 13:15

Zazpi dira beraien ateak zabaltzeko lanean ari diren hotelak. Beste hiru konpainiak, aldiz, begiz jota dituzte zenbait eraikin, beraz baliteke aurki zabalduko diren hotelen zenbakiak gora egitea.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Padralesek 2025. urtera arteko helburu turistikoak eman ditu jakitera. Deia egunkariak jaso duenez, iragarritako hotelen irekitzeekin 1.000 gela berri izango dira aurki Bilbon.

Egunkariak emandako datuen arabera, batez beste %36 bete ziren Bilboko hotelak 2015ean, eta 2018an %58ra igo zen batez bestekoa. Igoerak izan du eraginik prezioetan ere, HRS Group konpainiak egindako Hotel Price Radar ikerketak ageriko jarri duenez. Bertan, 2017tik 2018ra hoteletako prezioek izandako bilakaera jasotzen da. Espainiako Estatuko datuekin alderatuz, 2018an inon baino gehiago igo ziren hoteletako gelen prezioak Bizkaiko hiriburuan. Batez besteko prezioa 99 eurokoa izatetik, 111 eurokoa izatera pasa zen.

Datu oro hiriaren turistifikazioa nabarmentzera dator, eta azken urteko datuek erakusten duten turismo gorakadak iaz Bilbon egindako makro ekimenekin zerikusi zuzena du. Alabaina, goranzko hori positibotzat jotzen dute instituzioek, Deiak jasotzen duenez “urtean 85.000 turista hartuz era jasangarrian hazten joatea” baita hauen asmoa. Helburu horri jarraituz, askotariko hotelei eta beste hainbat makro ekimeni emango zaie bide.