Sindikatuen gehiengoak martxoaren 8ko greba orokorra erregistratu du

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2019ko ots. 8a, 10:23

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat eginez, sindikatuen gehiengoak martxoaren 8ko 24 orduko greba erregistratu du eta lanuzteetan parte hartzeko dei egin du.

Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan egin dute erregistroa STEILAS, CGT, CNT EHNE, ELA, LAB, ESK eta HIRU sindikatuetako emakumeek. Ekintzarekin, Mugimendu Feministak egindako greba deialdira batu dira. Greba feminista emakumeak diskriminatzen dituen egungo sistema “kapitalista, heteropatriarkala eta kolonialista” auzitan jartzeko eguna izanik, emakumeei etxean zein lanean planto egin eta kalera ateratzeko deia egin diete.

Lan munduan bertan greba egiteko adina arrazoi izan badiren arren, enplegutik harago begiratu eta zaintza lanei ere “dagokien balioa” emateko greba deialdia dela adierazi du Leire Txapartegik, ELA sindikatuko Genero Berdintasun alorreko arduradunak. Zaintza lanei “daukaten balio ekonomiko eta soziala” eman behar zaiela esan du, “sistema honek ez baitu funtzionatzen emakumeok eremu pribatuan eta doan egiten ditugun zaintza lanik gabe”.

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak, bestetik, martxoaren 8a bizitza erdigunera ekarri eta jendarte eredu berria planteatzeko eguna dela gaineratu du. Iazko grebaren balorazioa eginez, sektore feminizatuetan martxan jarri diren borroka sindikalentzako bultzada izan zela adierazi du.

Gizonei dagokienez, greba egunean hauek izan beharko luketen “paper aktiboa” ere azpimarratu du Aranburuk. “Greba deialdia emakumeei zuzendua da, baina gizonek badute euren rola, erraztu egin behar dute emakumeok greba egin ahal izatea”