Bilboko Zabalgarbiren TMBa geldiarazi dute, langileak legionellaz kutsatuta

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2019ko mar. 7a, 10:17

Airetik hartutako irudian, Arraiz TMBa -eraikin luzexka- Zabalgarbi erraustegiaren aldamenean. (Argazkia: Zabalgarbi)

ELA sindikatuak zabaldu duenez, otsailaren 7an Bizkaiko zaborrak Zabalgarbi erraustegira sartu aurretik tratatzen dituen Arraiz TMBko langile bat ospitaleratu zuten, legionellan positibo emanda. Kasua urtarrilaren 28an antzeman zen eta eta protokoloari jarraikiz TMBko instalazioetako ur-analitikak egingo ziren. ELAk salatu du Osalanek otsailaren 13an TMBko zuzendaritzari jakinarazi arren dutxetan legionella arrastoak aurkitu zituela, hala ere enpresak langileei ezkutatu egin ziela albistea.

Geroztik Osalanek langileen dutxetan legionella arrastoak aurkiturik, TMBaren zuzendaritzak ekoizpen prozesua gelditu egin du. Hala ere, ELA kexu da dutxak erabiltzeko debekua langile guztiei aplikatu ez zaielako eta enpresaren enkarguz Biotik-ek egindako analisiak homologatu gabeak direlako: "Hori guztia ikusita, ELAk atera duen ondorioa zera da: TMB UTEak bere interesak jartzen ditu langileen osasunaren gainetik, ez baitu geldiarazi ekoizpen-prozesu osoa". Sindikatuak egoeraren erantzule egin ditu, TMBa kudeatzen duen enpresa taldeaz gain, Garbiker konpainia publikoa eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Saila.

Bizkaitik eta batik bat Bilbotik eramandako zabor nahasiei tratamendu mekaniko eta biologikoa egiten dien Arraiz TMBan behin eta berriro ari dira errepikatzen osasun arazoak langileen artean. Oraingoan legionella izan den arren, aurreko aldietan Q sukarraz gaixotu izan dira TMBko langileak. 2014an apiriletik uztaila bitartean itxita egon zen TMBa, langile batzuek Q sukarra harrapaturik. Orduan aipatu zen hiriko zaborrentzako kontainerretan norbaitek hildako animalien hondarrak botata gertatu zela kutsaketa. Iaz, 2018an kutsadura arazo bera errepikatu zen. 

Arazoaren gakoetako bat, prozeduraren kontrol faltaz gain, izan daiteke TMBra iristen diren zabor nahasietan hondakin organiko asko joatea. Izan ere, TMBarekin disimulatu nahi dira gaikako bilketa txar batek konpondu gabe utzitako arazoak: hasieratik gaikako bilketa on eta eraginkorra eginez gero (Atez Atekoarekin eta bilketa orokortuzko beste zenbait eredurekin egiten dena bezala) azken errefusetan (edukiontzi grisa) bezala edukiontzi horian lagatako plastiko eta beste ontzien artean ez da kasik organikorik joaten.

Informazioetan Arraiz TMBa aipatzen den arren eta nahiz eta juridikoki enpresa berezia izan, bere UTE propio batek kudeatua, Bizkaiko hondakinak kudeatzeko eskema orokorraren osagaia da, fisikoki ere lotua Zabalgarbi erraustegiarekin, bereizita biltzen diren organikoentzako konpost plantarekin eta erretako bezala erre gabeko azken hondakinak biltzen dituen Artigaseko zabortegi zahar-berrituarekin.