Bilboko gotzaindegiak hiriaren erdian egin nahi duen negozio urbanistikoa salatu du eskola publiko bateko guraso-elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2019ko mai. 29a, 11:09

Operazio urbanistikoak guztiz hartuko luke gaur egun orubea den espazioa (irudia: AMPA Cervantes).

Bilboko Cervantes eskola publikoko guraso elkarteak salatu duenez, Bilboko gotzaindegiak negozioa egin nahi du Abandon daukan orube batekin eta Udalak operazio urbanistikoa babestu du, aldatu egin duelako lur horien erabilera-mota.

Gotzaindegiak Mutualia enpresari saldu dio Abandon zeukan orubearen parte bat, Barrainkua eta Heros kaleen artean. Bertan “Bizkaiko ospitalerik handiena” eraikitzeko asmoa dute eta horretarako 30 milioi euro gastatuko dituztela aurreikusten da.

Cervantes eskola publikoaren ondoan dago orube hori, Magisteritzako eskola unibertsitarioaren parean. Hasierako proiektua, eskola horretako guraso-elkarteak bere blogean azaldu duenez, elizaren zerbitzuak eraikin bakarrean batzea zen. Proiektu hori aurkeztuta aldatu zuen Bilboko Udalak orubea, irakaskuntzako ekipamenduak baimenduta zeuden lurra izatetik “beste ekipamenduetarako” ere baimendutako lurra izatera.

Mugimendu horren atzean operazio urbanistiko bat dagoela salatu du guraso elkarteak, apezpikutzak lortu duen eraikitzeko eskubidearen ia erdia Mutlaiaren eta Murias eraikuntza-enpresaren esku geratuko delako haien esanetan. “Alegia, udalak apezpikutzari mesede egin dio erabilera-aldaketa bat onartuz, honek gero hirugarren bati sal diezaion, horrela irabazi ekonomiko ikaragarriak lortuz”.

2.033 metro koadro ditu polemikaren erdian dagoen orubeak eta abuztuan hastekoak dira obrak, nahiz eta, guraso elkarteak salatu duenez, ez beraiek, ez bizilagunek, ez daukaten informaziorik gertatuko denaz. “Tamaina honetako obra bat (zortzi solairu eta bost soto) ezin da atzeko atetik onartu, gardentasunik gabe; are gutxiago kontuan izanda proiektuak eragingo lukeen ingurumeneko eta gizarte mailako inpaktu handia”, dio guraso elkarteak.

“Proiektu hau eraikiko balitz, galdu egingo litzateke Abando auzoan dagoen azken aukera gertutasun-espazio publiko bat sortzeko (etxeetatik 300 metro baino gutxiagora) eta horren premia handia dute adineko pertsonek eta inguruko haurrek, baita Cervantes Ikastetxe publikoko ikasleek ere, zeinak ez daukan espazio handirik aire librean jolaserako”, gaineratu du guraso elkarteak.

Operazio urbanistikoaren aurka mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute.