Bi ultra epaitu dituzte Bilbon, orain bi urteko eraso faxistagatik

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2019ko eka. 25a, 12:02

2017an, Bilboko Plaza Berriko taberna bateko terrazan zegoen hiritar bati eraso egiteagatik epaitu dituzte. 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen hasieran Fiskaltzak, baina adostasunera iritsita, sei eta zortzi hilabeteko zigorrak ezarri zaizkie akusatuei.

Asteartean, 10:00etan hasi da epaiketa. Bertan epaitu dituzte Manuel Herrera Perejón eta erasoa grabatu zuen honen adiskidea, duela bi urte bizkaiko hiriburuan egindako eraso faxista baten harira. Herrera ez da bertaratu, bideokonferentzia bidez deklaratzekoa zen.

Gorroto delitua leporatuta, Fiskaltzak hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen bientzat, baita bi urtean Euskal Herrira etorri edo bertan bizitzeko debekua eta 3.600 euroko kalte ordaina ere. Epaiketan erasoan parte hartu izana onartu dute bi auzipetuek, eta Fiskaltzarekin akordiora batera heldu dira. Gorroto delituagatik epaitu beharrean, osotasun moralaren aurkako delituagatik epaitu dituzte. Herrerari zortzi hilabete kartzela zigorra ezarri diote, eta bideoa grabatu zuenari sei hilabetekoa.

Epaiketan gertatutakoa eskandalu judiziala dela salatu du sare sozialetan Sare Antifaxistak: 

2017ko apirilaren 27an jazo zen erasoa, Bilboko Alde Zaharreko Plaza Berrian, Athletic eta Betis taldeen artean San Mamesen jokatzekoa zen futbol partiduaren aurretik. Herrera Plaza Berriko taberna bateko terrazan zegoen pertsona bati hurbildu zitzaion, ondokoa esanez: “Zu, Gabilondo, Gora Espainia. ETAren aldekoa zara?”. Jarraian, eskuan zeraman edaria gainera bota eta aurpegian kolpe bat eman zion. Erasotuak ihesari eman zion orduan, eta Herreran honi atzetik jarraitzeko imintzioak egin zituen, bere adiskideen barre artean. Herrera erasoa egin eta egun gutxira atxilotu zuten Sevillan, eta baldintzapean aske utzi zuten.

Erasoa jasotzen duen grabaketa: