Metalgintzako langileek eserialdia egin dute Jaurlaritzaren aurrean, Urkulluk patronalaren alde egin ostean

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2019ko urr. 2a, 17:15

Argazkia: LAB sindikatua.

Bizkaiko metalgintzaren gatazkan, patronalak akordioaren alde “ahal duena” egin duela esan eta “borondate falta” leporatu die sindikatuei Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Gogor kritikatu dituzte hitzok sindikatuek eta hain juxtu, hirugarren greba egunaren ekintza nagusia Bilboko Jaurlaritzaren egoitza aurreko eserialdia izan da, asteazken honetan. Akordiotik urrun daude bi aldeak.

Asteazken honetan, metalgintzak hirugarren greba eguna du Bizkaian. Aurreko bi egunak oso arrakastatsutzat jo dituzte sindikatuek (greba “historikoa” aipatu dute) eta %25etik beherako jarraipenaz mintzatu da patronala.

Istiluak

Asteartean, “pikete biolentoak” salatu ditu patronalak Durangaldean. Aldiz, enpresetara informatzera joaten zirenean “Ertzaintza gu jotzera eta mehatxu egitera” hurbildu izana kritikatu dute sindikatuek.

Hitzarmenaren negoziaketa, geldi

Mikaztuta daude harremanak bi aldeen artean eta gatazkak luze joko duela dirudi. Hitzarmena negoziatzeko hurrengo bilerarako datarik ez dago, oraingoz.

Bestalde, lehendakariaren adierazpenek haserretu egin dituzte sindikatuak. Urkulluk adierazi du udatik grebarako prest zeudela sindikatuak, akordiorako borondate falta azaltzen duela horrek, eta hitz horiek zuzentzeko eskatu dio ELAk: “Ez da ulertzen lehendakariak patronalaren alde hain argi egitea. Botere ekonomikoaren diskurtsoa erosi du eta hilabete bukaerara iristen ez den jendearengandik urrundu da”. LABek lehendakariaren dimisioa eskatu du.