Bilboko ekintzaile batek Mozal Legearen isunari jarritako errekurtsoa onartu du magistratuak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2019ko abe. 19a, 16:15

Epaiketa egunean egindako elkarretaratzea

Mozal Legearen aurkako elkarretaratze batean aplikatu zioten Mozal Legea Eduardo Gonzalez ekintzaile bilbotarrari. Isunaren aurkako helegiteak jarri ostean, abenduaren 12an pasa zen epailearen aurretik. Magistratuak ontzat eman du Gonzalezek jarritako errekurtsoa.

2018ko martxoaren 17an Ertzaintzak Mozal Legea aplikatu zion Sare Antifaxistako eta Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformako kide Eduardo Gonzalezi. Bilboko Plaza Biribilean Mozal Legearen aurka elkarretaratzea egiten ari ziren bitartean, Ertzaintzaren furgoi bat pasa zen bertatik eta bolante-kolpe batez plazara sartu zen. Elkarretaratzea legeztatzearen arduraduna izanik, Gonzalez identifikatu zuten, eta isunarekin zigortu. Elkarretaratzean “lotsa eragingo lidake polizia izateak” leloa entzun izana, horixe Ertzaintzak isuna jartzeko erabilitako arrazoia.

Beren egiteko modua gustuko ez bazuten, isunari helegitea jartzeko adierazi zieten ertzainek elkarretaratzean bildutakoei. Hala egin dute, eta helegite bat bestearen atzetik jarri ostean, abenduaren 12an Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian epaiketa egin zuten. Abenduaren 18ko asteazkenean jakitera emandako sententziaren arabera, magistratuak isunaren aurka eman du epaitza, eta onargarritzat jo ditu Gonzalezek eta bere abokatuak emandako argudioak.

Ertzaintzak aipatu leloak aireratu zirenik ezin izan duela frogatu, eta lelook agente konkretu baten aurkakoak zirenik ez duela argumentatu adierazi zuten Gonzalez eta honen abokatuak. Horrez gain, azpimarratu zuten lelo horien izaera iraingarria oso eskasa dela, eta adierazpen askatasunak osoki babesten duela.

Sententziaren aurrean pozik agertu da Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataforma, beren kideari eta adierazpen askatasunari dagokionez mesedegarri dela ondorioztatuz. Hala ere, beren ardura agertu dute, Gonzalezek Administrazioarekiko Auzien Epaitegiraino heltzea erabaki izan ez balu eta plataformaren babesa zein aholkularitza juridiko egokia izan ez balitu ondorioz oso bestelako izan zitekeela ulertzera emanaz. “Zeren gertakari honek ageriko egiten du Herritarren Segurtasunerako Legea –Mozal Legea– indarrean denetik salatzen ari garena: jendartean babesgabetasuna eragiten duela eta poliziari botere gehiegizkoa ematen diola; polizia bat zeina ez den gai ulertzeko babesteko dagoela, ez adierazpen askatasuna zigortzeko”, adierazi du plataformak.

Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak publiko egindako idatzian beste behin eskatu du Mozal Legea indargabetzea eta berau ez aplikatzea –“bere garaian Eusko Legebiltzarrean onartu bezala”, azpimarratu du–. Horrez gain, dei egin diote jendarteari beren protesta eta adierazpen askatasunaz baliatzen jarraitu dezan.