Gabon denoi:
Hemen gaur hitz egiten ari garenak gure herriak jasan dituen indarkerien bi biktima gara eta baditugu komunean bi helburu: batetik, gure seme-alabei eta ilobei gizarte adiskidetu bat, bakean bizi dena utzi nahi diegula, gure nagusiengandik jasotakoa baino hobea; eta, bestetik, euskal gizartea eskatzen ari den aro berriaren alde egin nahi dugula, ekitatea eta justizia gorrotoaren eta ezinikusiaren gainetik jarriko dituen aro berriaren alde.
Guztiok dugu gure minean murgiltzeko joera naturala, besteek bizi duten mina ikusi gabe. Baino guk ez dugu beste barik ontzat eman nahi beste biktimak alboratzea, edo presoek bizi duten eskubide-urraketa edo senideen kolektibo batzuk bizi duten bazterketa ahaztea.
Ez dugu nahi ere beste inork gure izenean hitz egitea. Gu geu gara gure buruen ordezkari. Hala ere, uste dugu beste biktima askok sentitzen dutena jasotzen dugula ozen eta argi badiogu giza eskubideak oinarri izan behar direla Espainia eta Frantziako espetxeetan. Gainera, legeak babesten du jardun hori.
Horregatik eskatzen dugu espetxeetako onuren kudeaketan diskriminaziorik ez izateko, presoak euskalherrira hurbiltzeko, gaixotasun larriak dituzten presoak eta adineko presoak askatzeko, graduz aldatzeko aukera izatea, kondena bidegabeak berrikusteko…
Gure herrian bizikidetza demokratikoa eraiki nahi badugu benetan, ezinbestekoa da giza eskubideak abiapuntutzat eta elkargunetzat hartzea edozein akordio sozial lortzeko, bizitza politikoaren gutxieneko ardatz gisa.
Hala onartu beharko lukete bokazio eraikitzailea duten elkarte guztiek, edozein indar politikoren manipulaziotik urrunduta, edo mendekua zuzenbidearen gainetik jartzen duten bideak alde batera utzita.
Euskal Herrian, astiro-astiro, adiskidetze eta enpatia prozesuetan aurrera egiten ari gara, Estatuko erakundeak isilik dauden bitartean. Dagokion balioa aitortu behar zaio elkarrizketa politikorik gabeko egoera batean lortu denari: ia duela 10 urte indarkeria bertan behera uzteko alde bakarreko erabakia; duela urte eta erdi ETA desegitea; jendarte zibilaren inplikazioa erakundeek ausardia faltaz esku hartu ez zuten arloetan; biktima mota guztiekiko errespetua areagotzea; presoen senideekiko enpatia izatea haien joan-etorri luzeen aurrean…
Hori guztia ikusita, pentsa dezakegu gizarte inklusioan eta giza eskubideen eta bakearen aldeko kulturan oinarritutako bizikidetza demokratiko bat eraikitzeko bidean gaudela, gertatutakoa ez dela errepikatuko bermatzeko.
Zoritxarrez, ez da hori Espainiako estatuaren jarrera. Iazko urrian, 19 urte luzez espetxean izan ondoren, Angel Ochoa de Eribe hil zen, espetxetik atera eta 4 hilabetera. Izan ere, 2015etik gaixotasun larri bat izan arren, ez zuten lehenago askatu. Ez gaitezen engaina! Estatua da egoera hau mantentzen ari dena, oso gutxi baitira espetxe-politikaren arloan humanizazioaren alde eman dituen urratsak.
Eta, gaur, gogora ekarri nahi ditugu preso katalanak ere; berriro ere gure maitasuna eta elkartasuna helarazi nahi diegu.
Kezkatuta gaude epaitegietako eta espetxeetako etengabeko salbuespen-egoerak justizia egoki bat eta espetxe-sistema integratzaile bat bideratzeko arauak aldatu dituelako.
Giza eskubideez ari gara. Hauek ez dira aldarrikapen politikoak. Herritarroi dagokigu eskubide horiek defendatzea, ezinezkoa baita gizarte adiskidetu bat eraikitzea mendekuan oinarritutako zigor-politika batetik abiatuta, eta gatazkan murgilduta edo adostasunik gabeko egoeran bizitako hamarkadek eragindako zauriak edo ondorioak gainditu gabe. Eta eskubide horien alde egitea izan behar da guk hautatutako erakundeen lehentasuna.
Azaroko hauteskundeetan eskuinak eta ultraeskuinak aurrera egin arren, gehiengoa lortu dute joera aurrerakoia duten indarrek, eta, beraz, ausardiaz, gai hau Estatuaren agendan sartzeko aukera sortu da. Are gehiago Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi politikoek eskaera hau saihestezintzat eta urgentetzat jo ondoren.
Eta Estatuak eskubide hauek errespetatzeari uko egiteak hiru ondorio ekarriko ditu euskal presoen eta haien senideen egoeran:
- preso eta senideak existitzen ez den gerra batean bahituak izango dira; izan ere, garaitu eta garaileen egoera batean pentsatzen duen botere baten imajinarioan baino ez dago gerra;
- biktima izango dira, zuzenean jasaten baitituzte zuzenbideko estatutzat jotzea merezi ez duen estatu horren gehiegikeriak;
- eta, azkenik, preso edo haren edo honen senide izateari utzi, eta familia duten eta preso dauden pertsona izatera igaro. Eta haien egoera guztion ardura izango da.
Gogoratu nahi dugu gaur Bilboko kaleetan elkartu diren milaka eta milaka eta milaka euskal herritarrek babestu dutena euskal erakundeetan ere babestu dela: Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan, batzar nagusietan eta udal askotan. Babes zabal horretan oinarrituta, irmo esan dezakegu Estatuak ez daukala arazo bat jada deseginda dagoen erakunde batekin. Estatuak arazoa eskubideak urratzearen kontra dagoen gizartearen gehiengoarekin du, gehiengo horrek ez baitu nahi bere izenean askatasunez gabetutako pertsonen eta haien senideen eskubideak urratzea.
Eskerrik asko gaur hemen izateagatik. Eskerrik asko Giza Eskubideen Defentsan aritzeagatik. Eskerrik asko guztiontzako hobea izango den jendarte baten alde lan egiteagatik.
ESKERRIK ASKO.
Rosa Rodero eta Asun Lasa (ETA eta GALen biktimak)