"Bilboko 32 ikastetxek joko aretoa dute 100 metrora edo gertuago"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko ots. 25a, 16:06

“Ludopatiatik aske diren auzoak nahi ditugunak gero eta gehiago garelako, eta badakigulako kaleak hartuta baino ez dugula irabaziko”, ostiralean manifestazioa deitu du Bilboko Eragin elkarteak, “apustu etxeak itxi arte”.

Bi urte darama Eraginek apustu etxeen aurkako borrokan. Borroka hori fruituak ematen ari dela adierazi du elkarteak, astearte goiz honetan eman duen prentsaurrekoan: “Gero eta gehiago gara enpresa hauek gazteentzat eta orokorrean langile klasearentzat gaitza direla ikusten dugunak”.

Bilbon egoera jasanezina dela gaineratu dute: “Zabalburuk mota hauetako lau areto ditu, Deustok bost, Errekaldek lau, Santutxuk beste lau… eta Bilboko 32 ikastetxek joko areto bat dute 100 metrora edo gertuago".

Ostiralean, arratsaldeko 19:30ean aterako da manifestazioa, Zabalburutik abiatu eta Errekalde plazara arte.