Hordago-k jakinarazi duenez, apirilaren 15eko asteazkenez Ertzaintza Bilboko San Frantzisko auzoan aurkeztu da, helburu jakin batekin: martxoaren 29ko gertakarien bueltan protesta egin zuten auzokideei isun-jakinarazpenak helaraztea.
ÚLTIMA HORA | La Ertzaintza ha procedido esta mañana a entregar notificaciones de multas y denuncias a las vecinas que protestaron contra la actuación policial en San Francisco el pasado domingo 29 de marzo. pic.twitter.com/Vjn5Lj4HWI
— Hordago | El Salto (@HORDAGO_ElSalto) April 15, 2020
Gertakariak jazo ziren egunean bertan sarean hedatu zen bideoan ikusi ahal izan zenez, bi ertzainek kaletik zioan gizonezko bat atxiki zuten, abusuzko jarrera izanik: atxikitako norbanakoa paretaren kontra jarri zuten eta borra kolpeak eman zizkioten; ostean honen ama agertu zen, eta emakumeari ere oldartu egin zitzaizkion ertzainak. Emakumeak bere semeak arazo psikologikoak zituela adierazi zien, baina ertzainek gizona atxilotzeari ekin zioten eta erreguka hari zen emakumeari bultza egin zion agenteetako batek, hau lurrera jaurtiaz.
Bizkaiko SOS Arrazakeriak-ek bildutako testigantzetan jasota dagoenez, emakumea lurrera bota arren, ertzainek ez zioten anbulantziari deitu eta hau ere atxilo eraman zuten.
Gertakarion testigu izaten ari ziren auzokideek, poliziak burututako erasoen aurrean haserrea eta gaitzespena agertu zuten beren etxeetatik. Bi asteren buruan, protesta egiteagatik isun-jakinarazpenak helarazi dizkie Ertzaintzak.
Gertakarien biharamunean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefanía Beltran de Herediak gertakariak ikertuko zituztela jakinarazi zuen, “praxi okerra egon daitekeela detektatzen den guztietan bezala”. Gaur artean ez da ezer jakin ikerketa horri buruz.
Abusuen inguruko txostena abian
Koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma egoera ezarri zenetik, auzokideek poliziaren partetik abusuzko jarrera gehiago ere pairatu izan dituzte. Hala bada, Amnistia Internazionalarentzat “Abusu polizialak eta urratutako eskubideak San Frantzisko auzoan” txostena burutu dute auzokideek.
Txostenean aurkitu daitezkeen zenbait testigantza publiko egin ditu Hordago-k. Bertan irakurri daitekeenez, martxoaren 29ko gertakarien bideoa hedatu ostean, Ertzaintzaren hainbat patruila agertu ziren gauez auzoan, gertakaria grabatu zuten eraikineko balkoiak linternaz argiztatuz. “Ez dakit zertarako, mehatxatzeko ala irudiak nondik hartuak izan ziren argitzeko”, dio auzokide batek.
“Bi egunen bueltan txirrina jo zidaten bi udaltzainek, emakume batek eta gizon batek, eta esan zidatenez, mutikoaren atxiloketan parte hartu zuten agenteak ziren. Salaketa jartzera zetozen. Identifikatu egin ninduten, eta esan zuten bide judizialetik iritsiko zitzaidala isuna, poliziaren aurkako irainak egin eta ordena-indarren lana oztopatzeagatik”, dio beste auzokide batek. Gehitu duenez, poliziaren aurkako indarkeriaren eta irainen lekukoak zituztela adierazi zioten bi agenteek.
Alerta egoera dela eta polizia izaten ari den jarrera, baina, martxoaren 29a aurretik ere hasia zen auzokideei arreta deitzen. Itxialdi agindua ezartzearekin batera, auzoan barrena poliziaren presentzia beste auzoetan ez bezalakoa izan zen San Frantziskon. Konfinamenduaren lehen egunak oroituz, ondokoa dio testigantza batek: “Ilaretan, mehatxuzko jarrera zuten dozenaka agentek bi espaloiak okupatu zituzten, istiluen aurkako furgonetak errepidean abiadura motelean zebiltzan bitartean, sirenak piztuta eta grabazioak bolumen altuan erreproduzituz”. Auzokideak argi dio poliziaren erakustaldi hura auzoa seinalatu eta estigmatizatzeko egin zela, "beste behin".
Auzokideek salatu dutenez, “poliziaren jarduna, Ertzaintzarena zein udaltzaingoarena, arrazista, bortitza eta eskubideei dagokienez mugatzailea izaten ari da kasu askotan”. Egoera horren aurrean, poliziaren abusuzko jarrera oro jaso eta salatzen jarraitzeko asmoa agertu dute.