Zer da Langileen Autodefentsa Sarea eta nondik sortzen da?
Bilboko Langile Autodefentsa Sarea langile klasearen auto-antolakuntza eta autodefentsarako sortu dugun tresna da. Klase elkartasunean oinarritzen da, egiturazko indarkeriaren ondorioz sortzen diren gatazka eta arazo indibidualak kolektiboak direla ikusarazteko.
Kapitalismoaren krisien, eta hirien gentrifikazio eta merkantilizazio joeren ondorioz, langile klasearen desjabetzea eta prekarizazioa areagotu egin dira. Bilbo ez da marko horretatik irteten, gure hiriak jasan duen prozesua azkarra eta bilatua izan dela uste dugu, eta horrek talka handia sortu du jendearen oinarrizko beharrekin –lana eta etxebizitza adibidez–, esplotazio mota berriak sortuz. Testuinguru horretatik sortzen da proiektu hau.
Zein helburu ditu?
Ez dugu uste instituzio kapitalisten baitan baldintzak hobetzeko aukerak egon daitezkeenik. Beraz, gure azken helburua langile klasearen emantzipazioa eta bateratzea da. Hori bai, gaur egungo testuingurua aztertuz eta errealistak izanez, nabaria da langile klaseak tresna berriak behar dituela kapitalaren erasoengandik defendatzeko, era eraginkor eta horizontalean. Langileak borrokan murgildu eta haien bizi-baldintzak hobetzeaz gain, haien potentzialtasun iraultzailea atera eta borroka kolektiboan parte hartu dezaten laguntzea dugu helburu. Norbanakoaren autodefentsa eta besteekiko elkartasuna piztu nahi dugu.
Horrez gain, klase borroka Euskal Herriaren agendan jarri nahi dugu eta borrak kalera atera, instituzioetatik kanpo irabaztea posiblea dela baieztatuz.
Bestetik, bereziki instituzioek eta sindikatuek jasotzen ez dituzten kasuentzat tresna izan nahi dugu. Muga horien bidez patronalak eta instituzioek etekina ateratzen dute, esplotazio mota berriak ezarriz zaurgarritasun handiena jasaten duten kolektiboen artean.
"Langile borrokan historikoak diren praktikei erreparatzea da gure apustu politikoa, hau da: langileriaren auto-antolakuntza, elkarlana, elkartasuna eta ekintza zuzena"
Zein da sarearen funtzionamendua?
Gatazka duen langilea da protagonista, berak markatzen ditu bai helburuak zein estrategia, bere kasu eta egoeraren arabera. Sarea langileak gatazka aurrera eramateko behar duen euskarria izango da, erantzun kolektibo bidez autodefentsa gauzatuz.
Beste zenbait sarek bezala, mekanismo ezberdinak darabiltzagu: gatazkaren borroka prozesuan langilearen ondoan egoten gara, gatazkaren difusioa egiten dugu eta enpresa presionatzeko estrategiak garatzen ditugu.
Gaur egun ikusten ditugun egoera asko auzibidera joz kudeatu daitezke, gu bide horretatik at kokatzen gara, baina ez baliogabetuz. Langile borrokan historikoak diren praktikei erreparatzea da gure apustu politikoa, hau da: langileriaren auto-antolakuntza, elkarlana, elkartasuna eta ekintza zuzena.
Koronabirusaren eraginez azaleratutako krisiaren ondorioz langile klasea lehen baino ataka larriagoan egotera igaro den honetan, zuen egitekoa are beharrezkoagoa bilakatu dela ondorioztatu daiteke. Sarearen jarduna areagotu da?
Bai, kontaktuak nabarmen igo dira. Orokorrean, desinformazioa eta beldurra nagusi direla esan dezakegu. Jendeak espero ez zuen egoera batekin topo egin du eta gehiengoak informazio bila deitzen du.
Zer nolako kasuekin ari zarete topo egiten?
Gaur egun, gehien errepikatzen diren kasuak dira ERTEak (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak), bidegabeak diruditen kaleratzeak –aislamenduan egoteko baja hartzeagatik adibidez–, oporraldi behartuak eta lan baldintzen okerragotzea, batez ere lan kargari eta segurtasunari dagokionez. Bestalde, kontraturik gabe lan egin duten eta egoera horretan lana galdu eta inolako diru sarrerarik gabe geratu diren langile batzuk ere gurekin harremanetan jarri dira.
Kasu guztiak ezberdinak dira, batzuk besteak baino nahasiagoak. Langileen egoerak ere oso desberdinak dira eta zaila da kasu paradigmatiko baten adibidea ematea. Hala ere, sistema kapitalistaren eta “koronabirusaren krisiaren” ondorio dira den-denak.
Lehendik zaurgarri ziren horiek are zaurgarriago bilakatu ditu krisialdiak. Zuen jardunari erreparatuz gero, bada koronabirusaren ondorioz bereziki kaltetua izaten ari den langile perfilik edo lan arlo konkreturik?
Gure kontaktuen arabera ezingo genuke profil konkretu bat azpimarratu, oso arlo anitzetatik kontaktatu gaituzte: dendak, tabernak, klinikak... Hala ere, autokritika moduan bada ere, sektore zaurgarriengana iristeko zailtasunak ditugula uste dugu, langile migratuengana adibidez, eta panorama ikusita, ziur gaude horien baldintzak askoz gordinagoak izango direla.
"Itxialdia amaitutakoan kalera irteteko, gatazka ezberdinak aurrera eramateko eta mobilizazioetara batzeko beharra izango dugu"
“Langileok ez dezagun krisi hau ordaindu”, darabilzuen leloak argi uzten du zein den zuen lehentasuna momentuotan. Alabaina, larrialdi egoera eta itxialdi agindua tarteko, borroka eta erantzunak artikulatzeko trabak nabarmenak dira. Nola ari zarete antolatzen?
Telefono bidez ari gara antolatzen. Langileekin kontaktua mantentzen eta kasuak gatazka publikora bideratzen saiatzen gara. Itxialdia amaitutakoan kalera irteteko, gatazka ezberdinak aurrera eramateko eta mobilizazioetara batzeko beharra izango dugu. Hala ere, presioa hasteko badaude tresna erabilgarriak: e-posta bidez nagusiarekin kontaktatu, sare sozialak... Horrela salaketa kanpaina bati hasiera eman ahalko genioke.
Testuinguru honek lan harremanak moldatzeko aukerak mahai gaineratu ditu. Ildo horretan, zein da etorkizun hurbilari dagokionez dituzuen aurreikuspenak?
Gure beharrak asetzeko mekanismo egonkor eta efektiboak eratu nahiko genituzke, gertatzen ari denaren gaineko egia azaleratuz eta sistema kapitalista bera iraultzeko beharra mahai gainean jarriz. Bide horretan, langile klaseko sektore kolpatuenen esku gure bitarteko guztiak jarri nahi ditugu, lanpostuetan jasandako erasoei kolektiboan erantzuteko. Hiru espektatiba zehatz ditugu:
Batetik, etorriko diren lan gatazketan langileekin batera erantzutea, erasoen aurrean borrokatzeko mekanismoak martxan jartzea eta gatazkak irabazteko gai garela frogatzea. Dagokiguna berreskuratuz joan, kontziente izanik prozesua luze bezain beharrezkoa dela.
Bestetik, sare erreal bat garatzea, klase elkartasuna egunez egun jasaten ditugun erasoei aurre egiteko tresna baita. Borrokaren bitartez, gure arazoei irtenbidea emateko bide bakarra indar kolektiboa dela frogatu nahi dugu.
Azkenik, badakigu klase antolakuntzak soilik salba gaitzakeela. Horregatik, bizi-baldintzen aurkako erasoak kapitalismoari berezko zaizkiola sozializatu behar dugu, ezohiko egoerak edo enpresarien ekinbide txarrak horren ondorio direla ikusaraziz.
“Normaltasunera” itzultzearen ideiari muzin egiten diozue. Zer eraiki nahi duzue “normaltasun” horren tokian?
Sistema kapitalista gainditu eta langile klasearen burujabetza bermatu nahiko genituzke. Langile klaseak berea dena berreskuratzea, baliabideen birjabetzea eta haien kudeaketaren autonomia izatea.
Krisiak agerian utzi ditu sistema kapitalistaren barrenak. Zapalkuntzak begi bistako bilakatzeak langileria mobilizatzera bidean lagundu dezakeela uste duzue?
Bai, dudarik ez dago langileriaren mobilizazioan eta antolakuntzan lagundu dezakeela. Dena den, kontuz ibili beharko ginateke, eta modu automatikoan gertatuko ez dela jakin. Jendartean zabaldu diren antolakuntza eta elkartasun dinamikekin batera kontrako jarrerak ere hedatu dira, errepresio lanak txalotzen eta egiten dituzten auzokideak, edo disziplinamendu orokortua kasu. Horregatik, borroka grina mantendu behar dela uste dugu. Erresilientzian oinarrituz eta gure burujabetzaren alde tinko egiten jarraituz.