Hainbat langile kutsatu ditu koronabirusak Bilboko Basurtuko ospitalean. Sindikatuetako iturriek Euskadi Irratiari eta El Diario.es egunkariari baieztatu diotenez hemodialisi gunean izan da agerraldia, Jado pabilioian, eta gutxienez 12 lagun leudeke kutsaturik, denak erizaintza sekziokoak: 7 erizain, lau erizain laguntzaile eta praktikak egiten ari zen beste langile bat. Hemodialisian dabiltzan langileen herena litzateke.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak jakinarazi du agerraldia gelditzeko neurriak hartu dituztela eta langile eta gaixoen artean baheketa egiten ari direla. Pabilioia datorren asteburuan desinfektatuko dute, baina ospitaleko unitate horren jarduna ez da gelditu, gaixoentzako “ezinbestekoa” delako.
FPP2 maskarak, gune “garbietan” ere bai
Hemodialisi unitatea gune “garbi” gisa harturik zegoen, koronabirusarekin kutsaturiko gaixoak ez direlako artatzen, eta orain arte maskara kirurgikoak zeramatzaten, baina agerraldiaren ondoren filtro seguruagoak dituzten FPP2 maskarak erabiltzen hasi dira ospitale guztian. Basurtukoaz gain, Donostiako ospitalean ere beste agerraldi bat atzeman dute 10 positiborekin, hematologia sailean, eta hau ere gune “garbia” bezala kontsideraturik zegoen.
Erizaintzako SATSE sindikatuak eskatu du EAEn dagoen koronabirus transmisio maila altuari “egokitutako” segurtasun neurriak hartzeko langileentzat.
Greba eguna Bizkaian
Urriaren 28an dozenaka osasun langile elkarretaratu ziren Basurtuko ospitale atarian Osakidetzaren baliabideak “martxoan baino eskasagoak” direla salatzeko, eta hain zuzen, ostegun honetan greba eguna da sektorean Bizkaian aldarri horrekin. Sindikatu deitzaileen arabera, grebak "babes zabala" izan du, batez ere lehen arretan.