Bilboko Langile Autodefentsa Sareak gatazka abiatu du garbiketa enpresa batekin

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko abe. 1a, 08:38

Limpiezas Arana-Fernández Aguilar garbiketa enpresako langile batek jasandako gehiegikerien aurrean, hainbat exijentzia helarazi dizkiote enpresaburuari.

Azaroaren 26an beren exijentziak biltzen zituen gutuna helarazi zion Bilboko Langile Autodefentsa Sareak Limpiezas Arana-Fernández Aguilar garbiketa enpresako buruari, lan gatazka abiatuz. Enpresak Bilboko Uribarri auzoko Matiko kalean du egoitza, eta dozenaka langile ditu soldatapean. Horietako bat da duela zenbait aste sarearekin kontaktuan jarri zen emakumea, bere lan egoera ezagutzera eman eta salatzeko asmoz.

Langile Autodefentsa Sareak gatazka abiatzeko arrazoiak zerrendatu ditu: langilea kontraturik gabe ari da lanean, nahiz eta kontratuaren inguruan maiz galdegin duen, beharrezkoa baitu bere egoera erregularizatzeko; enpresaburuak zigor ekonomikoak aplikatzen dizkio “etxebizitzak behar bezala ez garbitzeagatik”, inolako froga eta argudiorik gabe; langilea ordaindu gabeko lanak egitera behartzen dute; gaixo egon denean ere, lan egitera behartu dute; eta guzti horrekin batera, erabateko ordutegi malgutasuna eta disponibilitatea exijitzen zaizkio, ezinezko bilakatuz lanaz haragoko egunerokoa antolatzea.

Gehiegikeria horiei guztiei langilearen egoera are gehiago okertzera datorren beste faktore bat gehitu die sareak: langileari egokitzen zaion lan karga, eta ondorioz hilabeteko soldata, “enpresaburuaren borondatearen araberakoa” da erabat. Eta horrek, azpimarratu dutenez, dependentzia are handiagoko lan harremanari ematen dio bide.

Esplotazio egoera ezagutzera ematearekin batera, Langile Autodefentsa Sareak langilearen lan baldintza “jasangaitzak” salatu ditu. Bidenabar, salaketa publikoa probestu dute seinalatzeko etxeko lanen sektoreko enpresak, beren mozkinak areagotzeko, baliatu egiten direla sektorea feminizatua izateaz –horrek ahalbidetzen baitie soldatak debaluatzea, lan baldintzak okertzea eta “langile klasearen baitako geruza ezberdinen arteko arrakala” handitzea– eta langile migratuen egoera zaurgarriaz –esklabutza zantzudun lan harremanei bide emanez–.

Behin gatazka abiatuta, beronen izaera publikoa indartzen joateko asmoa agertu du sareak, baldin eta enpresaburuak ez baditu betetzen helarazi zaizkion exijentziak.