Iparra.eus-en arabera, hainbat sare sozial daude, baina guztiek dute helburu bera, adikzioa eta mendekotasuna sortzea; “hau da, noizean behin, minutu batetik bestera, sakelako telefonoari begiratzea”.
Iparra.eus-en iragarri duenez, Royal Society of Public Health erakundeak burututako txosten baten arabera, sare sozialak benetako arazo bilakatzen ari dira gazteen artean: 11 eta 25 urte bitarteko 1.500 gaztek ondorioztatu zuten Snapchat eta Instagram direla antsietate handiena eta aldarte txarrena eragiten dituzten sareak.
Helduen artean ostera, sare sozialek mendekotasun “handia” eragiten dute, “berri faltsuak eta bestelako arazo larriak” ahaztu gabe.
Hori dela eta, Iparra.eus-ek ez ditu sareak “zubi” gisa erabili nahi bisitak lortzeko, “eredu” izan nahi du. Ondorioz, bere webgunean harpidetzeko eskaera zabaldu du, astean behin, posta elektronikoaren bidez berriak jasotzeko.
Azkenik, Iparra.eus-ek urriaren amaieran ezabatuko ditu bere Facebook eta Twitter profilak.